Beterri Saretuz ekimenak bultzatuta, enpresa eraldatzaileen artean esperientziak trukatzeko egitaraua antolatu dute ekaina bitartean. Hainbat arlotan ariko dira, eta izen ematea zabalik dago oraindik.
Enpresen arteko elkar ezagutza bultzatzeko eta gai edo arlo zehatzen inguruko funtzionamenduaz informazioa lortu edo ereduak ezagutzeko esperientzia trukeak egingo dituzte, apirila amaieratik ekainera arte, Beterri-Buruntza eskualdean, Beterri Saretuz enpresa eraldatzaileen sareak bultzatuta.
Pasa den otsailean abiatu zuen urtea Beterri Saretuz ekimenak Usurbilen egindako jardunaldi batean. Ekintza plana ere aurkeztu zuten eta, horrez gain, bertaratu ziren eragile eta enpresen artean erabaki zuten zein arlotan nahi zuten sakondu, formazio eta esperientzia saioak jasotzeko. Antolaketa ereduak; bazkidetza prozesuak; inklusioa; digitalizazioa industria enpresetan; ingurumena; eta Beterri Saretuzeko Emakumeen Foroa, dira hautatutako gaiak.
Saio horiek aurrera eramateko, zenbait kasutan esperientzia horiek ezagutaraziko dituzten gonbidatuak izango dira, eta saio guztiak gidatu eta dinamizatu egingo dituzte antolatzaileek. “Ditugun zailtasunen eta kezken inguruan hitz egitea”, hori da helburu nagusietako bat.
Nola antolatzen gara gure erakundeetan? Zein lidergo mota, rol eta funtzio dauzkagu? Nahikoak al dira ditugun ingurumen irizpideak? Administrazio publikoarentzat zer da digitalizazioa eta zertan ari da indarra jartzen? Horiek dira otu zaizkien galderetako batzuk eta erantzunak bilatzen saiatuko dira esperientzia truke horien bidez.
Izen ematea oraindik zabalik dago
Iturria: Argia