Batzen, Gazteak Enpleguratzeko Harrera Sistema

31 martxoa, 2022 | Kategoriarik gabe

Inklusio soziolaborala bultzatzen duen proiektu berria sortu da Gipuzkoan: Batzen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Inklusio eta Babes sarean dauden gazteak enpleguratzeko sistema da. Gazte migratuak eta bertakoak daude sare horretan –500 gazte inguru daudela diote erakundeko arduradunek–; alde batetik, babesgabetasun egoeran dauden 16-18 urteko adin txikikoak, eta bestetik, gizarte bazterketa egoeran edo arriskuan dauden 18-23 urtekoak.

Diotenez, errealitatea da 23 urtetik aurrera babes sarearen laguntzarik gabe geratzen direla, eta emantzipatzeko zailtasunak izaten dituztela. Adin horretara heltzerako lan-munduan ate batzuk irekitzeko aukerak sortzea da helburua, eta arlo desberdinetako enpresak gonbidatu dituzte proiektuan parte hartu eta gazte horiei aukera soziolaboralak ematen lagundu dezaten. Horrela azaldu zioten ARGIAri, Esti Beraza Batzeneko koordinatzaileak eta Andoni Zulaika Zabalduz kooperatibako inklusio soziolaboralerako arduradunak.

Enpresek, konpromiso maila ezberdinekin, euren ekarpena egin dezakete gazteek enplegua lortzeko prozesuan. Adibidez, bisitak eta hitzaldiak antolatu ditzakete, arlo horretan interesa duten gazteek lehen pertsonan ezagutu dezaten enpresa horretan egiten dutena; praktikaldiak hitzartu daitezke; lan aukerak aztertu; euren beharretara formaturik dauden gazteen lan-poltsetatik kontratazioak egin… Ez dago formula bakarra eta pausoak ere pixkanakakoak izan daitezke.

Gazteak enpleguratzeko sistema honen bidez, diru laguntza edota prestazio ekonomiko asistentzialen sostengutik aldendu eta gazteen emantzipazio eta independentzia ekonomikoa ahalbidetuko duen sistema bat eraikitzen ari dira.

Informazio gehiago hemen

Iturria: ARGIA, BATZEN