Ba al zenekien…

28 martxoa, 2018 | Kategoriarik gabe

… azken urtean ia 4.000 pertsonatan igo dela Euskal Autonomia Erkidegoko kooperatibetan lan egiten duen langile kopurua? Eta lan sozietateetako langile kopuruak ere gora egin duela? Eta guztira bi entitateotan 68.648 langile zeudela 2018 urte hasieran?

Kooperatibak

Kooperatibetan emandako langile kopuruaren gorakada, ezbairik gabe, historikoa da, datuei erreparatuz (ikus serie historikoa) inoiz erregistraturiko igoera ezagutu baitu. Zehatz mehatz 3.901 langile gehiagok dihardute 2018 urte hasieran, hau da, aurreko urtean baino %6,75 gehiago, espainiar estatuko Lan eta Gizarte Segurantzako ministeritzak argitaratzen dituen datuei jarraituz.

Igoera nagusia Gipuzkoako Lurralde Historikoan eman da, bai zifra absolutu zein erlatiboari dagokionez. Bertan, %9,4ko igoera eman da (2.853 langile gehiago) aurreko urtearekin alderatuz. Bizkaian igoera erlatiboa %3,5ekoa izan da (856 langile gehiago) eta 25.000 langile izateko gutxi falta zaio ehun kooperatiboari lurralde honetan. Azkenik, Araban kopuru absolutuaren igoera txikiena izan bada ere (192 langilekoa), erlatiboki %5,7ko igoera aipagarria aurkezten du eta, lehen aldiz, kooperatibetako langileak 3.500 baino gehiago izatera iritsi dira.

Lan sozietateak

Lan sozietateek azken urteetako joerari eutsi diote eta azken urtean ere langile kopuruaren gorakada ezagutu dute entitateok, %0,8koa hain zuzen ere (56 langile gehiago). Igoera hau, beste behin, lan sozietate mugatuek izandako bilakaera positiboari esker eman da (140 langile gehiago daude aurreko urtearekin alderatuz), anonimoek izandako beherakada esanguratsuari (84 langile gutxiago) aurre egiteko gai izan delarik.

Lurralde Historikoka, Gipuzkoa izan da enplegu igoera nabarmenena izan duena. Lan sozietate mugatu eta anonimoak, biak batera, kontuan hartuta, %2,4ko igoera ezagutu du enpleguak lurralde honetan, Bizkaian egonkor mantendu da (%0,1 baino gutxiagoko igoerarekin) zifra eta Arabako Lurralde Historikoan, aldiz, zertxobait behera egin du (-%0,8an).

Datuak laburbiltzen dituen infografia.

Kooperatiben datuen serie historikoa.

Lan sozietateen datuen serie historikoa.

Iturria: GEEB