Argitaratua dago jada GEEBk 2014. urtean landutako ‘Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena’

19 otsaila, 2015 | Kategoriarik gabe

Urtero bezala, Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiak, 'Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena' landu du 2014an.

Dokumentuan, 2010 eta 2013 urteen artean gizarte-ekonomiako elkarteek bizi izan duten garapen ekonomiko eta soziolaborala aztertzen da; zehazki, sektoreko erakunde eta lanpostu kopurua nahiz datu ekonomikoak. Azpimarratzekoa da erabilitako informazio iturriak anitzak izan direla, eta honako hauek dira aipagarrienak: Eusko Jaurlaritzak bi urtez behin kooperatibei eta lan-elkarteei buruz egiten dituen txostenak, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren estatistikak, Foru Ogasunak emandako informazioa, eta euskal gizarte-ekonomia osatzen duten erakundeetatik nahiz beste organo publiko eta pribatuetatik lortutako datuak.

Ikerlanean eskuratutako datuak adierazgarriak dira. Balorazio orokorra egin ondoren, nabarmendu daiteke 2013. urtean leundu egin zela euskal gizarte-ekonomiak aurreko urtean bereziki jasan zuen uzkurdura prozesua. Enplegu mailan eta erakunde kopuruan ikusten diren hobekuntza-sintomek 2012. urteko panorama zaila gainditzeko aukera eman zuten. Annus horribilis gisa izenda daiteke urte hura, ez soilik euskal gizarte-ekonomiarentzat, baizik eta baita EAEko beste sektoreentzat ere. Susperraldiari arin hari esker, 2013an gizarte-ekonomiaren sektoreak ekonomia orokorrak baino hobeto egin ahal izan zion aurre krisiari EAEn.

Gizarte-ekonomiako entitate mota desberdinen garapena kontuan izanik, azpimarragarria da lanpostuak sortzeko aparteko gaitasuna dutela gizarteratze eta laneratze enpresek eta enplegu zentro bereziek. Bi erakunde mota horiek 2012an enplegua galdu zuten, eta 2013. urtean buelta eman zioten egoerari. Modu horretan, egiazta daiteke laneratzeko arazoak dituzten pertsonentzat funtsezko baliabideak direla enpresa eta zentro horiek.

Kooperatibek 2012 eta 2013 urteetan enplegua galdu zuten arren, gainerako enpresek baino hobeto mantendu ahal izan zuten lanpostu tasa; eta 2010 eta 2013 urteen artean, gainera, apur bat gora egin zuten. Enpleguaren murrizketa gehiago nabarmendu da lan-sozietateetan, baina, 2010. urteaz geroztik, goranzko joera agerikoa izan da, nahiz eta 2013an pixka bat gelditu.

Euskal gizarte-ekonomiako finantza-entitateei dagokienez, nabarmentzekoak dira kreditu kooperatibak. 2012. urte zailaren ondoren, bi euskal entitateen fusioa gertatu zen urtea hain zuzen, 2013an irabazien bidea berreskuratu eta enplegu maila egonkortu zuten. Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen kasuan, berriz, 2013an 21.000 milioiko ondarea lortu zuten, 2010 eta 2013 urteen artean garapen positiboa izan ondoren. Bere aldetik, Oinarri elkarren bermerako sozietatea areagotzen ari da 2013an eginiko abalen kopurua. Horrela, euskal gizarte-ekonomiaren eta enpresa txiki eta ertainen finantzaketarako funtsezko baliabide bihurtzen ari da.

Euskal Gizarte Ekonomiaren Egoerari buruzko Txostena irakurgai dago lotura honetan:

http://www.oves-geeb.com/uploads/files/es/cientifico-academica/Informe_Economia_Social_vasca_noviembre_2014.pdf

Iturria: GEEB