Etikalia, Estatuko lehen higiezinen agentzia etikoa, REAS Euskadi ekonomia solidarioaren sareko kide egin da. Roberto Cacho Etikaliako zuzendariaren hitzetan, ekonomia solidarioaren sektorean urteak daramatzaten erakundeekin hitzarmenak lortzeko helburua du enpresak, eta baita entitate horien jardunbide egokiak gertutik ezagutu eta higiezinen sektorean aplikatzeko asmoa ere.
REAS ekonomia solidario eta alternatiboko sareen saretik pertsonen eta ingurunearen zerbitzura dagoen ekonomia sustatzen dute. Zentzu horretan, REASek proposamen kolektiboak indartu nahi ditu –giza garapen jasangarriaren ikuspegitik– gizartearen eta bereziki ekonomiaren eraldaketa lortzeko arlo guztietan: finantziazioa, ekoizpena, merkaturatzea eta kontsumoa. Halaber, kontsumo arduratsua, bidezkoa eta ekologikoa babesten du, eta finantziazio baliabide etiko eta solidarioen garapena bultzatu. Gainera, tokiko, Estatuko eta mundu mailako ekonomia solidarioko beste sare batzuekin koordinatzen da.
Higiezinen agentzia ezberdina
Etikaliak pasa den ekainean hasi zuen bere ibilbidea, etxebizitzen alokairurako bitartekari gisa berezituz. Alokatzeko momentuan sor daitezkeen arazo, behar eta beldurrei erantzuna ematen diete, bai jabeei eta bai errentariei, alderdi biei mesede egiteko. Modu horretan, errentatzaileek kontratuaren kuota kobra dezaten eta bandalismoak sor ditzakeen kalteak estalita izan ditzaten bermatzen dute. Horrez gain, Etikalia bidelagun dute etxebizitzen jabeek, alokairu-kontratuak irauten duen epean lasai egon daitezen ziurtatzeko. Errentariek, alokairura iristeko dituzten eragozpenak gutxituta ikusiko dituzte; besteak beste, banku-abalak eta higiezinaren kudeaketa ordaindu behar izatea aurreztuko dute.
Enpresaren funtzionamendua Guztion Onerako Ekonomian oinarritzen da eta, hortaz, bere jarduera ekonomikoa interes orokorrera eta onura publikora zuzenduta dago. Gerentearen esanetan, etxebizitzak alokatzen dituzten edota alokairuaren arriskuak saihesteagatik etxeak hutsik mantentzen dituzten pertsona gehienek higiezin hori urte askotako aurrezkiekin edota herentziaren batekin lortu dute. Hori dela eta, askotan, beren balio pertsonalak, elkartasuna edota eskuzabaltasuna kasu, etxebizitzen inguruko espekulazioaren kontrakoak dira. Orain, Etikaliak, gizarte-sentsibilitatea duten pertsona horiei, euren higiezina modu etikoan alokatzeko aukera ematen diete, beren balio pertsonalekin bat eginez.
Ondorengo hilabeteetan Etikaliak I+G eta hobekuntza proiektu batzuk martxan jarriko ditu. Horien helburua da etxebizitzen eskaintza handitzea; higiezina alokatu edo saldu nahi dutenei zerbitzu berritzaileak ematea; eta aholkularitza eta kudeaketa zerbitzuak eskaintzea enpresei eta korporazio handiei.
Iturria: REAS