ANELek, Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkarteak, emakume langabetuen ekintzailetza eta trebakuntza profesionala sustatzen duen esperientzia zabaldu nahi dute Italiara, Frantziara, Errumaniara eta Lituaniara, CAREMPLOY programaren bidez.
Egitasmo horrek, gizarte eta osasun arloetan prestakuntza emateaz gain, “norbere kontura hasteko aukera ematen die emakumeei, etxez etxeko arreta eskaintzen duen Nafarroako lehen kooperatibaren bidez”. MCuida du izena eta ANELen baitan dagoen Ekintzaileen Kooperatibaren barne dago. Etxez etxeko zerbitzua eskaintzeak erronka handia dakar, "gero eta prestakuntza, gizatasun eta kalitate handiagoa eskatzen baitute sektore honetan”.
Zentzu horretan, MCuidako bazkide den Beatriz Carrerok nabarmendu du 12 emakume “konprometitu eta tituludun” ari direla, dagoeneko, menpekotasun egoeran dauden pertsonei etxean bertan zerbitzuak eskaintzen, ANELen laguntzarekin. Guztiak PREPÁRATE izeneko laneratze eta prestakuntza programaren bidez jarri ziren abian. Gaur egun, “autoenplegu kolektiboa sustatuz” haratago iritsi nahi duen proiektu kooperatibo batekin ari dira zerbitzuak ematen.
Esperientzia hori ezagutzera hurbildu dira, hain zuzen, Europako lau herrialdeetako ordezkariak. Ekimenari esker, ANELen gizarte-ekonomiako ekintzailetza-programak nazioartera hedatzeko "pauso garrantzitsua" eman ahal izan dute, Ignacio Ugalde presidenteak aipatu duenez. Gainera, lau herrialde horiek ANELekin harremanetan jarri izanak “Europan eredu kooperatiboak interes handia" pizten duela erakusten du, Ugaldek nabarmendu duenez. Izan ere, lanpostuak sortzeko aukera moduan ikusten dute, baita lan-merkatuak adin, prestakuntza edo genero arrazoiengatik baztertzen dituen pertsonak lanerako gai direla ikusarazteko erreminta bezala ere.
Iturria: ANEL