Pasa den urtarrilaren 19an, Ondarruko kofradia zaharrean, ekonomia globalizatuaren aurrean arrantzaren sektoreak pairatzen duen egoera aztertzeko mintegia izan zen. Baserritik Mundura elikadura burujabetza eta agroekologia ikastaroak antolatutako mintegi honetan, kurtsoko partaideak biltzeaz gain, Ondarru eta inguruko beste hainbat pertsonek hartu zuten parte.
Bertan Leo Belaustegi 12mila-ko taldekidea, arrantzalea eta LAB sindikatuan arrantza sektoreko liberatua izandakoa; eta Anne Marie Verges, Donibaneko artisau arrantza itsasontzi bateko patroia, Frantziako Arrantzale Artisau Txikien Plataformako ko-zuzendaria eta Arrantzale Herrien Foro Munidaleko kordinazio taldekidea parez pare aritu ziren. Arrantzaren egoera aztertu zuten eta etorkizunerako alternatibak planteatu ere.
Euskal Herriko arrantzaren historiari errepaso txikia egin ostean, hegoaldean zein iparraldean komunak diren arazoak eta egoerak plazaratu zituzten. Sektorearen beherakada (hegoaldean oso egoera kritikoan dago), praktika suntsitzaileek ekarri dituzten galerak (arrainen desagertzea, itsasoaren desertizazioa…) eta Europako zein estatu diferenteetako politika publikoek sortu dituzten ondorioak.
Arrantza egiteko bide eta arte diferenteak azaldu zituzten, bakoitzak sortzen duen kutsadura eta eragina ere diferentea delako. Asko hitz egin zuten arte handiekin ari direnak gehienbat duten deskarte kopuruaz. Honek esan nahi du itsasontzira sartzen den arrain kopuru handi bat itsasora bueltatzen dela, hilda. Deskarte hauek %60koak dira batzuetan; 1.700 miloi tona deskartatzen da urtean. Europak gaur egun deskarteak porturatzeko legedia duen arren, ez da betetzen.
Iturria: Baserritik Mundura