2017 hau ospakizun urtea dugu, EHLABE elkartearen ibilbidearen hasieratik 30 urte pasa baitira. Hiru hamarkada, zeintzuetan desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea bultzatzeko buru belarri lankidetza estuan lan egin dugun eragile ezberdinekin (hirugarren sektorekoak, desgaitasunekoak, gizarte ekonomiakoak, Administrazio Publikoak…).
30 urte, gure erakundeak ordezkatuz eta lagunduz, gure alea jarriz, egun Euskadiko gizarte ekimeneko sektorea erreferente izan dadin desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasunerako aukerak sortzen, laguntza behar gehien duten pertsonentzako.
Honela, 2017 urte osoan zehar ekitaldi eta jardunaldi ezberdinak aurrera eramaten ari gara, hiru helburu erdiesteko: 30 urte hauetan egindako ibilbidearen berrikusketa bat egin, urteurrena behar bezala ospatu, noski, baina baita sektore moduan etorkizuneko erronken inguruan hausnartu ere.
Eta eginkizun honetan EHLABE eta bere erakundeak ez gaude bakarrik, aurrez aipatu ditugun eragile guzti horien laguntza (oso aktiboa, gainera) izatearen zortea bai dugu. Izan ere, eztabaida prozesu ezberdinen bitartez, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratzeko euskal eredua deritzonaren etorkizuneko erronka eta ekintza ildo berriak bideratu eta definitzen ari gara denon artean.
EHLABE osatzen dugun pertsonok ziur gaude partekaturiko elkargune anitz horietatik zein errealitate eta ikuspuntu ezberdinetatik desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze eta laneratzeko aukerak hobetzera bideraturiko erronkak sortuko direla, hauen eskubideak bete daitezela lagunduz eta, azken finean, gizarte berdintsuago, inklusiboago eta anitzagoa lortzera pausuak emango ditugula.
Zehazki, EHLABE eta bere gizarte ekimeneko erakundeek, Euskadiko gizarte ekonomiaren funtsezko atal bezala, sektoreko gainontzeko familiekin partekatzen dugun funtzio sozial eta eraldatzailea indartzen jarraitu behar dugu. Gizarte ekonomiaren printzipio eta baloreetan oinarriturik krisi ekonomikotik “onik” ateratzeaz gain, desgaitasuna duten pertsonentzako enplegagarritasun aukera berriak sortzen jarraitzea lortu dugu, kolektibo honetan laguntza gehien behar duten kideentzako bereziki.
Horregatik ziur gaude datozen urteetan gizarteratze eta laneratzeko euskal eredua hobetzeko zein erronka berriei aurre egiteko ezinbestekoa izaten jarraituko duela Euskadiko gainontzeko gizarte ekonomiako familiekin lankidetza harremanak estutzen segitzea, helburu bikoitza lortzeko: Administrazio Publikoen aurrean posizionamendua indartu eta balio ekonomikoaz gain gizarte balioa sortzen dituzten ekimen zein aktibitate produktiboak garatzen jarraitu.
Ez nuke iritzi artikulu hau amaitu nahi, EHLABE eta bertan parte hartzen duten erakundeen izenean, gonbidapen bat luzatu gabe euskal gizarte ekonomiaren familia osatzen duzuen pertsona guztiei, hurrengo urriaren 18an Bilbon Elkarteak 30. urteurrena ospatzeko egingo duen itxiera ekitaldira, hain zuzen ere.
Pablo Moratalla
EHLABEko koordinatzailea