ASLErekin lotura estua eta lan-sozietateen munduan eskarmentu handia izan duen Ángel Toña Guenaga Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu izendatu dute.
Sailburu berria, Ondarroan jaioa (Bizkaia), Ekonomia eta Enpresa Zientzietan doktorea da Deustuko Unibertsitatean. Bertan irakasle gisa dihardu 1978tik, eta egun gizarte, profesionaltasun eta enpresa etikako eskolak ematen ditu Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatean (Deusto Business School), baita Enpresako Etika eta Gizarte Erantzukizuneko ikasgaia ere Giza Baliabideen Masterrean. 2002 eta 2004 urteen artean Politika Zientziak eta Soziologia Fakultateko dekanoa izan zen unibertsitate horretan, eta Deusto Fundazioko Ikerketa Sozialen zuzendari kargua izan zuen 2004 eta 2006 artean.
Bestalde, lan-harremanen kudeaketari oso lotua egon da bere lan-ibilbidea. Zamudioko Eléxpuru argitaletxearen zuzendari nagusia izan zen 80. hamarkada hasieran. Horrela, garai hartako industriaren birmoldaketa-prozesuen oinarriak ezagutu zituen, eta krisi larri baten ondoren enpresak iraunarazteko esfortzuak gertutik ikusi zituen.
Lan-sozietateen munduan egon ondoren, enpresaren eta hezkuntzaren arloan jardun zuen lanean, betiere gizarte-ekonomiaren balioak zabalduz; parte-hartzea, demokrazia eta elkartasuna, besteak beste.
Iturria: ASLE eta GEEB