Joan den azaroaren 16an, Euskal Gizarte Ekonomia Sareak (EGES) gosari informatiboa egin zuen Bilbon, publikoari irekia, non nabarmendu zuen gizarte-ekonomiak Euskadin duen presentziaren garrantzia. Azalpena enpresen kopuruaren eta enpleguaren inguruko datu ekonomikoen bidez egin zuten.
EGES Euskadiko gizarte-ekonomiako bost erakunde nagusienek osatzen dute: Euskadiko Lan Sozietateen Taldea, ASLE; Euskadiko Enpleguko Zentro Bereziak, EHLABE; Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresak, GIZATEA; Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, KONFEKOOP; Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea, REAS Euskadi.
Aurkeztu ziren datuen arabera, erakunde hauek 2014ean 3.354 enpresa batu zituzten guztira, existitzen diren entitateen %2tik gora; Euskadin 69.280 lanpostu, EAEko enpleguko %8 inguru, eta 9.653 milioi euroko fakturazioa izan zuten. Gainera, krisiari begira, EGESek Euskadiko gizarte-ekonomiak duen garrantzia nabarmendu zuen, ekonomia orokorrak baino hobeto erantzun baitio egoerari, besteak beste, enplegua mantentzeko gai izan delako eta errekuperazio sintomak erakutsi dituelako azken urtean zehar.
Azkenik, EGESek Euskadiko gizarte-ekonomiak, bai orainean bai etorkizunean, sortzen dituen onuren gainean euskal gizartea eta eragile instituzionalak, politikoak eta sozialak sentsibilizatzeko beharra azpimarratu zuen. Horrez gain, elkarteak dituen helburuak betetzeko hainbat ekintza planteatu ziren, esaterako: ikerketa ekimenak hasi; foroak antolatu eta gizarte-ekonomiaren balioak hedatzeko jardunaldiak egin; argitalpenak sortu; eta, batez ere, erronkak betetzeko lana egin kudeaketa gaitasunak garatuz, finantza alorrean indartuz, aktibo produktiboetan inbertituz, berritzailea izanez, lehiakortasun areagotuz edota sektorea sendotuz nazioarteko salmenta sustatzeko.
Iturria: EGES