Naoko Oishi doktoreak, Yunus Social Business Research Center (YSBRC) zentroko zuzendariak, Ryukoku Unibertsitatetik (Kyoto, Japonia) etorrita, GEZKI bisitatu du berriki, Euskadin garatzen diren Gizarte Ekonomiako prestakuntza-esperientziak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
Gizarte Berrikuntzaren arloan programa akademiko berri bat diseinatzeko prozesuaren barruan, YSBRCk Euskadin garatutako prestakuntza-ekimenak nazioarteko erreferentetzat jo ditu. Horregatik, Oishi irakaslearen bisitak Mondragon Unibertsitatea eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ere hartu ditu barne.
Gizarte Berrikuntza GEZKIk koordinatzen duen Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterrean lantzen den zeharkako gaietako bat da. Egonaldian zehar, Oishi irakasleak interes berezia erakutsi zuen masterraren funtzionamendua, ibilbide akademikoa, prestakuntza-egitura eta erakunde publiko zein pribatuekin garatzen dituen lankidetza-dinamikak ezagutzeko.
Halaber, OVES-GEEBeko (Gizarte Ekonomiaren Euskal Behatokia) taldearekin bildu zen masterrari lotutako esperientzietan, ikasleen profilean eta GEZKIk ekimen honen sustatzaile gisa duen eginkizunean sakontzeko.
Ryukoku Unibertsitateak Euskadin garatutako esperientziak ezagutzeko erakutsi duen interesak, eta bereziki GEZKIren Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterrarekiko duenak, agerian uzten du Euskadik nazioartean lortu duen aitortza Gizarte Ekonomiaren eta Ekonomia Solidarioaren prestakuntzan erreferente gisa. Era berean, GEZKIk arlo honetan duen erreferentziazko eta nazioarteko ordezkari izaera indartzen du.