Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioko Masterrak edizio berri bati hasiera emango dio

2026 iraila 18 | Berriak

ardunaldia ikasleei zuzendutako aurkezpen eta ongietorri saio instituzional batekin hasiko da. Bertan parte hartuko dute Jokin Díaz, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiaren zuzendariak; Aitziber Lertxundi, EHUko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko (Gipuzkoako Atala) dekanoorde koordinatzaileak; eta Aitziber Etxezarreta, GEZKI Institutuko zuzendariak (EHU).
Ongietorriaren ondoren, inaugurazio-hitzaldia egingo da, «Euskal Mugimendu Kooperatiboaren soziohistoria: ziklo kooperatibo berri bat Euskal Herrian» izenburupean. Hitzaldia Miguel de la Fuente Cosgayak emango du, Mondragon Unibertsitateko LANKI Kooperatibismoaren Ikerketa Institutuko ikertzaileak. Esku-hartzea Miguel de la Fuenteren doktorego-tesian oinarritzen da. Lan horrek Euskal Herriko kooperatibismoa historikoki eratu duten matrize ideologikoak eta identitate kooperatiboa eraikitzeko mekanismoak aztertzen ditu.
Ikerketak euskal kooperatibismoaren lau ziklo historiko nagusi bereizten ditu: Gerraurreko Kooperatibismoa, Beharraren Kooperatibismoa, Ongizatearen Kooperatibismoa eta Ziklo Kooperatibo Berria. Azken hori erreferentzia ideologiko eta sozial berrien agerpenak ezaugarritzen du. Horien artean nabarmentzen dira feminismoa, ekologismoa, euskararen defentsa eta Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioaren printzipioak. Elementu horiek mugimenduaren barruko praktika kooperatiboak nahiz kidetasun eta identifikazio moduak birdefinitzen ari dira.
Hitzaldiak aukera paregabea eskainiko du Euskal Herriko fenomeno kooperatiboaren oraina eta etorkizuna ulertzeko gako berriak ematen dituen ikerketa baten ondorio nagusiak ezagutzeko. OVESetik Gizarte Ekonomia eta Ekonomia Solidarioan, kooperatibismoan eta lurralde-garapenean interesa duten pertsona guztiak gonbidatzen ditugu inaugurazio-ekitaldi honetan parte hartzera. Ekitaldi honek gizarte-ekonomiaren esparruan erreferente den master baten edizio berriari hasiera emango dio.
Ikerketa honetan sakondu nahi duten pertsonek doktorego-tesiaren testu osoa GEZKIren webgunearen bidez kontsulta dezakete:
https://www.gezki.eus/pdfs/a4f8f65b35.pdf