Euskalgintzaren Kontseiluak Zaintza eta euskara. Sareak eraikitzen jardunaldiak egin ditu irailaren 26an, Donostian. Idurre Eskisabelek, Kontseiluaren idazkari nagusiak, lehen hitzaldian adierazi du “urgentziazkoa” dela gaiari heltzea. Jardunaldien helburua ez da izan irtenbideak aurkitzea, Eskisabelen ustez, “urrun gaude” horretatik eta asmoa “elkarrizketa probokatzea” izan da.
Goiz osoko egitaraua eskaini du Kontseiluak. Zaintza sektorean lanean ari direnak, euskaltegietako arduradunak eta esperientzia praktikoak azaldu dituzten eragileak bildu dira Donostiako jardunaldietan.
Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak egin die sarrera jardunaldiei izenburu honen pean: Zer da eremu sozioekonomikoa euskalgintzarentzat? Nor utzi du kanpoan? Zergatik da zaintza estrategikoa euskararentzat?
Eskisabelek aitortu du ez zaiela erraza egin egitaraua osatzea, hau da, bataren eta bestearengana jo eta gaiaren konplexutasunaz hitz egin dietela eta zalantza egin dutela zenbaterainoko ekarpena egin dezaketen gai honetan. Eskisabelek adierazi du, “ez nuke esango jendea beldurtuta dagoenik, baina korapilo handi bat daukagu”.
Beraz, korapilo konplexua dela azpimarratu du, eta era berean, “oso modu errazean formulatu daitekeena”: zaintza ona eta justua izatea norberaren hizkuntzan artatua izanda, askoren kasuan euskaraz. Gehitu du zaindua izateko premia zaurgarritasun egoera batetik datorrela. Bestalde, euskarara iristeko zailtasunik handienak zaintza lanetan ari direnek dituztela dio, eta bere ustez, irisbide nekez hori lan baldintzengatik eta lan mota horren ezaugarriengatik da, hain zuzen.
Urgentziaz heldu beharrekoa
Gaia, heltzeko konplexua da eta era berean heldu beharrekoa, “urgentziaz heldu beharrekoa”. Jardunaldien helburua irtenbide zehatzak aurkitzea ez dela adierazi du Eskisabelek, “uste dugu oso urrun gaudela horretatik”. Asmoa “elkarrizketa probokatzea” da, euskalgintzak elkarrizketa bidea irekitzea hemendik aurrera.
Euskalduntzean fabrikak lehen lerroan
Eskisabelek denboran atzera egin du eta bistaratu nahi izan du nola eremu sozioekonomikoaren euskalduntze prozesuan hainbat alorri eman zaion lehentasuna, eta beste batzuk bigarren tokian utzi diren. Euskalgintzak, duela bi hamarkada hasita, eremu sozioekonomikoa euskalduntze bidean egindako ahalegina aitortu du, baina gaineratu du euskalgintzak eremu horretan pentsatu duenean fabrikak izan dituela buruan: “Kanpoan utzi du beti enplegu feminizatua eta prekarizatua dagoen eremua, eta ez da kasualitatea.
Gizartearen ispilu da euskalgintza ere, eta gizartea zeharkatzen duen arrakala, lan erreproduktibo eta produktiboaren artekoa, ere erreproduzitu du”. Azaldu du gizartearen zahartze prozesua areagotzen ari bada ere, zaintza ez dagoela agenda soziopolitikoan lehen lerroan, “euskalgintza ez dagoen bezala! Bat egiten dugu horretan!”.
Jarraipenik ez
Eskisabelek azken boladan daukan kezka bat elkarbanatu du entzuleekin, hau da, euskalgintzak eraldaketa sozialaren begirada eta feminismoaren ekarpenak lantzerakoan ez ote dituen garai onenak eman, ez ote duen euskalgintzak ahaztu etengabe entzutea eskatzen duela: “Bide hori egintzat emana dugula uste dut”.
Iturria: ARGIA