KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskolaren 8. Edizioa aurkeztu da

29 azaroa, 2023 | Kategoriarik gabe

KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola Donostiako Cristina Enea Fundazioan egingo da aurten eta dagoeneko zabalik dago 8. edizio honetako izen-ematea.

Pasa den azaroaren 17an egin zen 8. Edizio honetako aurkezpena Donostiako Cristina Enea Fundazioan. Jardunaldian, proiektuko parte diren hainbat pertsonek parte hartu zuten: Gipuzkoako Foru Aldundiko Nagore Manzanok “lurralde garapen orekatu bat eta enpresa eredu zehatz bat sustatu” nahi dutela azpimarratu zuen, “lurraldearekiko eta pertsonekiko konpromisoa duena”. Bestalde, Eusko Jaurlaritza Oihane Mujika EJko Gizarte Ekonomiaren Plan Estrategikoari buruz aritu zen eta “enpresak egonkortzeko prestakuntza eta informazioa funtsezko” direla adierazi zuen. Jardunaldi honetako ponentzia gonbidatua Coòpolis-eko Hernan Córdobarena izan zen, Kataluniako azken urteetako esperientzien inguruan hitzaldi inspiragarria eman zuena, zehazki, Kataluniako politika publikoek garapen kooperatiboaren sustapenari egindako ekarpenari buruz. Bere hitzetan, “Kataluniako benetako aldaketa, Generalitateak tokiko mugimenduei protagonismoa onartzean etorri zen”.

Antolatzaileak Olatukoop, MUko LANKI Ikertegia eta EHUko GEZKI Institutua dira. Bertan izan zen GEZKIko zuzendaria Aitziber Etxezarreta. GEZKItik Koopfabrikako esparruan aurten burutuko den lana hurrengoa da: Ekonomia Sozial Eraldatzailearen logikari jarraituz egun indarrean diren esperientzia komunitario ezberdinen sistematizazio lana burutuko da, horiek beste eskualde batzuetan erreplikatzeko beharrezko elementuak identifikatzeko asmoz. Esperientzia horien artean elikadura sektorean, energian, zaintzan, plataforma kooperatibismoan edota tokiko monetaren esparruan erreferentziazkoak diren kasuak aztertuko dira, eta horiek eskalatzeko baldintzen inguruko gida bat burutuko da.    

Ekintzailetza programa

Ekintzailetza kooperatiboko eskolaren bidez proiektu komunitarioak sortzeko prozesuan laguntza ematen da.

12 formazio-saiok (hauetako 6 saio gehigarri irekiak dira eta hautazkoa da bertan parte hartzea) eta bidelaguntza aldiak osatzen dute ekintzailetza kooperatiboko eskola.

Formazio-saioetan proiektua garatzeko beharrezkoak diren ezagutzak jasoko dira. Hauei esker, proiektuaren atal ezberdinak landu ahal izango dira eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean kokatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Edonork har lezake parte KoopFabrikan, baina bereziki kolektibo hauentzat da erabilgarria:

  • Proiektu kolektibo bat martxan jarri nahi duten norbanako zein taldeak.
  • Beraien jarduera hobetu edo profesionalizatu nahi duten elkarteak.
  • Ekonomia sozialean kokatu edo kooperatiba bihurtu nahi duten enpresak.
  • Ekonomia sozial eraldatzailean kokatu nahi duten erakunde publikoetako kideak

2017an abian jarri zenetik, 680 pertsona baino gehiagok hartu dute parte formazio edo jardunaldietan eta 135 proiektu inguru bidelagundu dituzte.

Informazio gehiago https://koopfabrika.eus/

Iturria: KoopFabrika