GJHen aldeko Euskal Aliantza eratu zuten urriaren 2an Gasteizen, eta Iñigo Urkullu lehendakaria, Jonan Fernandez Trantsizio Sozialerako eta Agenda 2030erako idazkari nagusia, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, Gotzone Sagardui Osasun sailburua eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politika sailburua izan ziren bertan. Halaber, sinatu duten erakundeetako ordezkari ugari izan ziren ekitaldian.
Ekitaldian zehar bi dokumentu jakinarazi zituzten. Lehena, “2030 Agenda Euskadi Kontratu Sozial baterako” adierazpena, GJHen aldeko Euskal Aliantza artikulatzen duena eta Euskadiko 55 eragile sozialen babesa duena.
Soraia Chacón Sareen Sareko presidenteak eta Pablo Moratalla presidenteordeak irakurri zuten adierazpena. Eta bigarren dokumentua “Agenda 2030 enpresetan eta erakundeetan garatzeko gida” izan zen.
Lankidetzaren kultura
Trantsizio Sozialeko eta Agenda 2030 Idazkaritza Orokorraren eta Guneak-en (Euskadi Agenda 2030 Foroaren gizarte zibilaren, sektore publikoaren eta pribatuaren parte-hartzea eta lankidetza zabaltzeko) arteko kolaborazioaren eta esfortzuaren emaitza dira bi dokumentuak.
Lehendakariaren hitzetan, “Agenda 2030 munduko erronka handiei aurre egiteko mundu mailako eta tokiko lankidetza-ahaleginik handiena eta aurreratuena da”.
Kudeaketa eredu arduratsua, jasangarria eta solidarioa bilatu nahian
“Agenda 2030 enpresetan eta erakundeetan garatzeko gidak” barne-kudeaketan GJHekin duten konpromisoa txertatzeko aukera ematen die erakunde-mota guztiei, hiru agertokitan: hurbilpen-fasean, hastapen-fasean eta sakontze-fasean.
Ekitaldian lau esperientzia aurkeztu zituzten, Agenda 2030 erakundeetan eta enpresetan ezartzeari dagokionez: Fagor, A&B Tecnologies, Elhuyar eta Mutualia.
Eratutakoaren moduko ekimenek eta lankidetza estrategikoek ekarpena egiten dute erakunde sozialen lanaren balioa nabarmentzeko eta Hirugarren Sektorea indartzen eta sustatzen jarraitzeko, betiere, sareko lanaren bitartez gizarte inklusiboa, bidezkoa eta demokratikoa lortzeko helburuarekin.
Iturria: Sareen Sarea