Joan den ekainaren 20an, Donostiako Estrategia Bulegoak topaketa bat antolatu zuen Gizarte Ekonomiaren sektoreko eragileekin, euskal gizarte ekonomiaren berezitasuna, balioa eta eragina nabarmentzeko.
Donostiako San Telmo Museoak “Gizarte-ekonomia lehen pertsonan: gizarte-ekonomiako esperientziak” lemapean hartu zuen ekitaldia. Ekitaldi horretan, gizarte-ekonomiako hainbat euskal enpresatako arduradunek eta arlo horretako adituek parte hartu zuten, gizarte ekonomia eta haren esperientzia arrakastatsuak gipuzkoarrei hurbiltzeko.
Donostiako alkate Eneko Goiak zabaldu zuen ekitaldia hiriburutzaren leloari aipamena eginez, Pertsonak ekonomiaren erdigunean, “gure asmoen adierazpena da, eta lurralde osora zabaldu nahi dugu”. Goiaren hitzetan, gizarte ekonomia ezezaguna da oraindik sektore askorentzat, ez baitituzte haren esanahia eta garrantzia ezagutzen; Kepa Korta Estrategia Bulegoko zuzendariak azpimarratu zuenez, “Ekonomia sozial eta solidarioaren balioak bultzatzea, hala nola, kohesio soziala eta integrazioa, hiriaren E2030DSSk estrategiak jasotzen duen 15 helburu estrategikoetako bat da”.
Enekoitz Etxezarretak -EHUko Ekonomiako irakaslea, GEZKI Institutuko kidea eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterreko zuzendaria- ekitaldira gonbidatzeagatik eskerrak eman zuen, eta nabarmendu zuen GEZKI Zuzenbide Kooperatiboko eta Gizarte Ekonomiako Institutuaren rola, 1987tik gizarte ekonomia sustatzeko lanean diharduena. Ondoren, Etxezarretak gizarte ekonomiaren une garrantzitsuenen ibilbide historikoa azaldu zuen, 1844an Rochdalen sortutako lehen kontsumo kooperatibatik hasita, Europan eta mundu osoan bizitzen ari den momentum-era arte. Ondoren, euskal gizarte ekonomiaren berezitasunak, haien lantaldetik proposatzen dituzten printzipioen birformulazioa eta gizarte ekonomiaren eragina izan zituen hizpide.
“Gure lurraldeko ekonomia soziala berezia da duen enpresa-muskuluagatik, gure mugetatik kanpo ekonomia soziala batez ere kontsumoko edo nekazaritzako kooperatibetan zentratuta baitago. Euskal Herria oso herri industriala da, kooperatiba-tradizio handikoa, eta bi faktore horiek elkartzeak enpresa-eredu oso indartsuak sortu ditu”. Etxezarretak azaldu zuenez, enpresa horiek hiru mailatako konpromisoak hartzen dituzte: mikro (pertsonak erdigunen jartzen dituzte), meso (erakunde kolektibo eta demokratikoak dira) eta makro (ingurunearekin konprometituak). Hiru konpromiso horien bidez, izaera soziala aldarrikatzen duten gainerako enpresa tradizionaletatik erraz bereizi daitezke. Amaitzeko, egungo gizarte ekonomiaren eta haren etorkizunaren definizioari buruzko gogoeta batzuk azaleratu zituen.
Ondoren, gizarte ekonomiako zortzi enpresatako ordezkariek beren proiektuak azaldu zituzten, ideien eta ezagutzen arteko truke aberasgarria sortuz: Joxean Hernandez, Impact Hub Donostiako zuzendaria; Alberto Gastón, EMAUS Taldeko Gizarte Eraldaketarako Hezkuntza Zerbitzuaren koordinatzailea; Sara Jaurrieta, Matia Fundazioko Antolakuntza Garapeneko zuzendaria; Pablo Nuñez, Katealegaiako zuzendaria; Marian Tapia, Zorrotz Legazpiko gerentea; Angelica López, Tecnaliako Zaintza Teknologikoko eta Negozio Inteligentziako taldeko arduraduna; Aitor Uriondo, Axular Lizeoaren zuzendaria; eta Iñaki Zabaleta, Badia Berriko zuzendaria.
Lanaldi luzean, arratsaldeko eztabaidak gizarte ekonomiaren etorkizuna izan zuen aztergai. Etorkizuneko erronkei buruz galdetuta, adierazi zuten beharrezkoa dela gizarte ekonomiaren balioak gazteei hurbiltzea.
Iturria: Estrategia Donostia-San Sebastian 2030