Pasa den maiatzaren 10ean EHLABEko balantzea aurkeztu zuten Donostian. Euskadiko gizarte ekimeneko zentro berezien enpleguak indartsu gainditu du pandemia eta 8.317 langilera iritsi zen iaz, inoiz lortu ez den kopurua, covid-19aren ondoren iaz izandako ziurgabetasuna gorabehera. EHLABE, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea, 14 erakundek osatzen dute eta ehun bat enplegu zentrotan egiten dute lan.
Hala, Euskadiko enplegu zentro bereziek aurreko urtean baino 218 pertsona gehiagori eman zieten lana, eta horietatik 152k laguntza premia handiagoak zituzten (gaixotasun mentala, desgaitasun intelektuala edo % 65etik gorako desgaitasun fisikoa edo sentsoriala duten langileak). Aurreko urtean baino 53 pertsona gehiago. EHLABEko erakundeek gehien nabarmentzen duten zereginetako bat da hau.
EHLABEko erakundeek, era berean, enplegu arruntean 166 lanpostu berri sortzea lortu zuten, hau da, zentro berezietatik enplegu arruntera jauzia, beste helburu nagusietako bat. Horietatik guztietatik, laguntza premia handienak dituzten desgaituna dutenentzako lanpostuak ere gehien-gehienak izan ziren: 142.
Hauek dira Donostiako Kursaalean EHLABEren balantzean aurkeztu zituzten datu nagusietako batzuk. EHLABEko lehendakari den Asier Vitoriak azpimarratu zuenez, “gizarteratzeko eta laneratzeko euskal eredua erreferentzia izaten jarraitzen du desgaitasunaren eta enpleguaren sektorean, bai estatuan, bai Europan”.
Horrela, EHLABEk rol erabakigarria garatuko du ekonomia sozialaren hiriburutzan, Donostiari dagokiona aurten, enpleguko zentro bereziek duten balio sozial eta ekonomikoa kontuan hartuta. “Ekonomia justuagoa, berdintasunezkoagoa eta parte-hartzaileagoa, integratzaileagoa, eta, batez ere, pertsonak erdigunean jartzen dituen ekonomia” bultzatzea da helburua, ekonomia sozial osoaren intentzioa. Izan ere, enplegu zentro berezien gizarte balio integratu handia da EHLABEren balantzeak ematen duen beste berezitasunetako bat; izan ere, enpresa jarduerek zein gizarte kontabilitatearen bidez desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ekintzek sortzen duten irismen soziala monetizatu du balantzeak. Zehazki, EHLABEko erakundeek iaz 7 euro sortu zituzten Administraziotik jasotako euro bakoitzeko.
Iturria: EHLABE