Apirilaren 15ean, larunbatean, Ezpeletan, tokiko monetaren festa herrikoi handia iragan zen: Eusko Eguna. Hiru urtez falta izan ondoren, azkenean, Eusko Eguna berriz antolatu ahal izan zuten. Gainera, aurten, Euskoaren hamargarren urtebetetzea ospatu dute. Horrela, bada, egunean zehar eta gauean ere, 1.500 pertsonak parte hartu zuten Eusko Egunean.
Egun eta gau osoan zehar jende asko elkartu zuten, ondoko programazioari esker: hitzaldiak, ekoizle eta sortzaileen merkatua, laborarien produktuekin ondutako bazkaria, haurrentzako animazioak, dantzaldiak, herri jokoak eta kontzertuak, Mouss et Hakim (Zebda), Willis Drummond eta Le Bal du Samedi Soir taldeekin.
Euskoak azpimarratu du moneta soil bat baino gehiago dela, elkartasunerako eta biharko lurraldea pentsatzeko boterea berreskuratzeko baliabidea ere badela.
Euskoa Euskal Moneta erakundeak sustatutako tokiko dirua da eta nagusiki Ipar Euskal Herrian erabiltzen da. Egitasmoa 2013ko urtarrilaren 31an jaio zen, Euskal Moneta Ekologiko eta Solidarioa Sortzeko Elkartearen eskutik. Gaur egun, Europako tokiko monetarik zabalduena da; 3,5 milioi eusko baino gehiago darabiltzate eskutik eskura, eta 1.300 profesionalek eta 4.000 partikularrek erabiltzen dute.
Hamarnaka boluntarioren laguntzari, proiektuan osoki parte hartzen duen soldatapeko langile taldearen engaiamenduari, eta, batez ere, erabiltzaileen mobilizazioari esker etengabeko handitze hori gertatu dela diote sustatzaileek.
Eusko erabiltzea tokiko eragile ekonomikoak sostengatzea dela dio Euskoak. Lehentasunezko lau ardatz ditu: partikularren sarea garatzea, profesionalen arteko zirkulazioa arintzea, egitura sendotzea eta proiektuaren aldeko segurtasun neurriak hartzea, eta elkargoen artean Euskoaren erabilera desblokeatzea.
Iturria: Argia