Donostia, 2023ko Gizarte Ekonomiaren Hiriburua

28 otsaila, 2023 | Kategoriarik gabe

“Pertsonak ekonomiaren erdigunean” izango da 2023ko Donostiako Gizarte Ekonomiaren Hiriburutzaren leloa. Irekiera ekitaldia pasa den otsailaren 24an egin zen, Gureak-eko Donostiako egoitzan.

Ekitaldian izan ziren Hiriburutza babesten duten lau erakundeak (Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua), bai eta Gizarte Ekonomiari lotutako dozenaka enpresa, elkarte eta erakunde ere. Sektorea gero eta garrantzia gehiago hartzen ari da, egiturari eta gizarte-kohesioari dagokienez.

Espainiako Gobernuko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren Gizarte Ekonomia Sustatzeko Kontseiluarengandik jasotako izendapenaren helburua, hain zuzen, Gipuzkoako Gizarte Ekonomiaren enpresa-ehunari balioa ematea da, eta halako erakunde gehiagoren sorrera bultzatzeko eredugarri diren ekimen eta esperientziak ezagutaraztea.

Hiriburutzaren 2023ko agendak ekitaldi ugari izango ditu. Programa prestatzeko, elkarlanean aritu dira lurraldeko, Espainiar estatuko eta Europako Gizarte Ekonomiako eragileak, baita alor honetako hainbat enpresa eta erakunde esanguratsu ere.

Ekitaldian izan ziren Yolanda Díaz Espainiako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroa, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Juan Antonio Pedreño CEPES Gizarte Ekonomiako Espainiako Enpresarien Konfederazioko eta Social Economy Europe-eko presidentea, eta Rosa Lavin EGES Euskal Gizarte Ekonomia Sareko eta KONFEKOOP Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko presidentea.

Iturria: Donostia.eus