Ekonomia Sozial eta Solidarioa Masterreko ikasle eta Batzorde Akademikoko kideek, aurreko urteetan jada antolatzeko asmoa izan arren eta pandemiak lehenago egitea eragotzi bazuen ere, otsailak 9tik 12ra Bartzelonara irteera egiteko aukera izan dute.
Helburu nagusia, Katalunian eskaintzen diren graduondoko programak ezagutzea izan da, harremana egiteko bertako irakasle eta ikasle taldeekin. Konkretuki bi graduondokorekin sakondu da harremana: Pompeu Fabra unibertsitatean txertaturiko “Postgrau Economia Social i Solidària – Estudis Cooperatius” programa da bata eta Universitat Autónoma de Barcelonako “Postgrado en Economia Social y Solidaria: Desarrollo Local, Cooperativismo y Transformación Social” bestea. Bertako arduradunekin graduondoko programen arteko lankidetzarako aukerak arakatzeaz gain, ikasleek euren esperientziak, ezagutzak, galderak eta erronkak elkartrukatzeko aukera paregabea izan dute.
Hiru eguneko bisitan, jarduera ezberdinak burutu dituzte. Barcelona erdigunean kokatzen den Grupo Ecos talde kooperatiboan izan dira lehenik, esperientzia asoziatiboan eta interkooperazioan sakontzeko bertan garatu dituzten dinamikak ezagutzeko aukera izan dute, eta bide batez euren lan egiteko eredua ulertu, taldeko kooperatibak ezagutu, eta instalazioak ere ikusi ahal izan dituzte. Ondoren Baix Llobregat eskualdeko Prateko udalerrira joan dira, bertan Cooperativa Obrera de Viviendas urte luzeko esperientzia ezagutu dute, El Prat udaleko ekonomia sozialeko sailaren lan ildoak ere entzun dituzte bertako teknikari baten eskutik, eta amaitzeko Baix Llobregat-eko Ateneu Cooperatiuren lan lerroak ezagutu dituzte, bertako teknikari baten azalpenei esker. Azkenik, Ivan Miro Ciutat Invisible kooperatibako kide eta Economia Social i Solidària – Estudis Cooperatius graduondoko arduradunaren laguntzaz, Sans auzoko langile mugimendu kooperatiboaren errelato historikoa eginez, auzoan zehar bisita gidatua burutu dute, lehen eta orain erreferentziazkoak diren espazio fisiko ezberdinak bertatik bertara ezagutuz, besteak beste, Can Batlló espazio komunitarioa, Coòpolis Ateneo Kooperatiboa eta La Borda erabilera-lagapeneko lehen etxebizitza kooperatiba.
Eginiko bisita masterreko ikasle nahiz arduradunentzat oso aberasgarria izan dela nabarmendu nahi izan dute, Ekonomia Sozial eta Solidarioaren ezagutzan sakontzea ahalbidetu dien neurrian, bai Euskal Herrian garapen gutxiago duten bestelako esperientziak ezagutzeari esker (erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatibak, estrategia komunitarioak, etab.) eta baita Katalunian ESS-ren bueltan dabiltzan eragile akademiko, kooperatibo eta publikoekin harremanak sendotzeko bidea zabaldu duelako ere.
Iturria: Gizarte Ekonomia eta Solidarioko Masterra