Nafar Piriniotan hamaika proiektu ari dira garatzen norbanako eta kolektiboak azken urteetan, ekintzailetza eraldatzailearekin zerikusia dutenak. Pirinioetako Planaren baitan sorturiko Pirinioko Mahaiaren Ekintzailetza Lantaldeak ildo horretan jarraitzeko baliabideak jarri eta sustapen lanak egiten dihardu Pirinioetako herri askotan, gobernantza eredu berriekin lan egingo duten kooperatibak lagundu eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatuz.
“Kolektiboaren eta komunitarioaren garrantzia” azpimarratu dute, ikusi baitute jarduerak pertsonalizatua izan behar duen arren, “arazo indibidual guztiek erantzun kolektiboak behar dituztela eta lurraldeko behar sozialei irtenbidea ematen dietela”.
Eskualdea ekintzailetza eraldatzailearen erreferente izatea nahi dute, eta balio horietan funtzionatuko duten proiektu eta lan egiteko moduen “ekosistema” bat sortu, “erronka demografikoari heltzeko eta lurralde-garapen iraunkorra ahalbidetzeko”.
Norabide horretan, martxoaren 24tik 27ra jardunaldiak antolatu dituzte hainbat herritan, ikusarazteko Pirinioetan badela ekintzailetzarako lekua. Hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira, Kataluniako ereduak ezagutuko dituzte, Nafarroako proiektu pilotuak eta bestelako esperientziak ere bai… Horrez gain, bertako jakiak eta edariak dastatzeko aukera izango da bi egun horietan.
Egitarau osoa Gu Pirinioa webgunean kontsultatu daiteke.
Iturria: Argia