Eusko Jaurlaritzako Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburu den Idoia Mendiak uste du Euskadik oinarri sendoak dituela ekonomia suspertzeko eta kalitatezko enplegua berreskuratzeko, eta enpresa parte-hartzaileek hierarkizatutako egitura klasikoen alternatiba gisa ematen dituzten errotze-, erantzukidetasun- eta gizarte-konpromisoaren balioen aldeko apustua egiten duela.
Mendiak amaiera eman zion pasa den abenduaren 3an Bilbon Lan eta Enplegu Sailak, Europar Batasunak, ASLEk eta Arizmendiarrietako Lagunen Elkarteak antolatutako Enpresaren Partaidetza Eredu Inklusiboa Bultzatzeko Jardunaldiari. Jardunaldi horretan hiru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak parte hartu zuten, baita Lan Harremanen Kontseiluak ere.
Bileran, besteak beste, enpresa horiek behar dituzten lege-aldaketak jorratu ziren, hala Europako arau-esparru bat nola indarrean dagoen Legearen aldaketa bat. Lehendakariordeak proposamen bat helarazi zion Lan ministroari joan den urriaren 7an, Diputatuen Kongresuan bultza zezan.
Erresistentzia-gaitasuna
Bere hitzaldian, Mendiak enpresa parte-hartzaileak erresistentziarako erakusten ari diren gaitasuna eta pandemia honetan berrasmatzeko duten gaitasuna azpimarratu zituen, eta euskal ekonomiak krisi honetan duen erresilientzia erakusten duen elementuetako bat dela adierazi zuen.
Ildo horretan, onartu zuen enpleguaren kalitatearen erronkari aurre egiteko beharra, behin-behinekotasuna eta kronikotasuna saihesteko. “Gure ekoizpen-sareak erakusten duen indar handia”. “Errealismo horretatik, uste dut oinarririk onenak ditugula, COVIDak arnasa hartzen uzten digunean, berriro aireratzeko. Balioekin, konpromisoarekin, erantzukidetasunarekin”.
Lehendakariordeak langileak “beren etorkizunean” inplikatzeko apustua babestu zuen, enpresak kudeatzeko erantzukidetasunera eta ekintzailetza kolektibora animatuz.
Eredu parte-hartzailea
Idoia Mendiak gogora ekarri zuenez, lehen aldiz, ulermenaren kulturaren eta erantzukidetasunaren aldeko gobernu-programa batean jasota dago, Oñatiko Adierazpenean, hain zuzen ere. Giza eskalako enpresa-balioetan, gizarte-erantzukizunean, parte-hartzean, jasangarritasunean, lankidetzan eta tokiko garapenarekiko eta enpleguaren egonkortasunarekiko eta kalitatearekiko konpromisoan oinarritutako kultura.
“Birusaren astindua izugarrizko astindua izan da, eta izaten jarraitzen du, gure sare sozial eta ekonomiko osoan. Baina konturatu gara txikia batzuetan irteerarik onena dela. Errotuta dauden eta proiektuetan lan egiten duten pertsona guztien inplikazioa duten enpresek beren erresistentzia eta etorkizunera begira hobeto antolatzen dakitela. Eta egia handiek eta ziurtasun handiek ez digutela balio garai hauetan nabigatzeko, egitura piramidalak eta zurrunak eta lan-harremanen paradigma tradizionalak ez direla enpresen oparotasunaren berme, ezta euren lanarekin aurrera ateratzen dituztenen eskubide eta ongizatearena ere “, azpimarratu zuen.
Iturria: Irekia