Bisitan zehar, Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren laguntza EHLABEri eta haren erakundeei helarazi zien, eta haien lan garrantzitsua eta kudeaketa-eredua nabarmendu zituen. Gainera, jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak “laguntza osagarria emango duela laneratze-enpresei eta enplegu-zentro bereziei laguntzak bermatzeko”, langileek ohiko soldataren ehuneko 100 jaso dezaten. Enplegu Zentro Bereziei dagokienez, aurreratu du Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez enplegu-zentro berezietarako laguntzak mantenduko direla, hau da, lanbide arteko gutxieneko soldataren % 50.
Lehendakariaz gain, Beatriz Artolazabal Lan eta Gizarte Politiketako sailburua eta Marcos Muro (Enplegua eta Gazteria), Lide Amilibia (Gizarte Politikak) sailburuordeak ere izan ziren Sestao Barrin.
Nahiz eta ohiko jarduera ekipamendu elektrikoko ondasunak mihiztatzea, kableatzea eta zirkuitu elektronikoak fabrikatzea izan, Sestao Barri zentroa Lantegi Batuak erakundeko lauretako bat da, eta, Covid-19 krisiaren hasieratik, partzialki birmoldatu du bere jarduera NBEak fabrikatzera.
Hala, Lantegi Batuak enpresak Sestaon, Zallan, Abadiñon eta Txibilan dituen zentroak segurtasun handiko 10.000 maskaratxo eta aurpegiko 10.000 babesle ekoizten ari dira astero. Produktu horiek behar-beharrezkoak dira, batez ere osasungintzako eta funtsezko zerbitzuetako profesionalek eskatuta, hala nola egoitzetan, garbiketetan eta zuzeneko arretan.
Iturria: EHLABE