REAS Sareen Sareko Lan Taldearen atalak Estatuko Senior Etxebizitza Kooperatiboko lehen Foroa antolatu zuen, 350 pertsona baino gehiago bildu zirelarik Donostian azaroaren 29an.
“Zaintzak komunitatean, zahartze osasuntsu baterako gakoak” lelopean, zaintzen inplementazio komunitarioa eztabaidatzeko, esperientziak ezagutzeko, jardunbide egokiak erakusteko, finantzaketa, araudi, zerga eta proiektuen lurzorua eskuratzeko erronkei heltzeko espazioa izan da.
Bi egunetan zehar, administrazio publikoko hainbat esparrutako pertsonek parte hartu dute mahaian, profil teknikoekin, ikertzaileekin, bai eta garapen-fase desberdinetan dauden erabilera lagapeneko ekimen kooperatiboek ere.
Irabazi-asmorik gabe lagatako etxebizitza kooperatiboa, bizitza amaitu arteko bizileku-eredua da, eta pertsonen zaintza handiagoa sustatzen du, elkarlaneko jardunaren bidez. Ekitaldian, komunitateak nola kudeatu, eskuragarritasuna hobetu edo proiektuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu dituzte.
Proiektuen esperientziak partekatzeko eta Europako erreferentziak erakusteko ere baliagarria izan da, estatu mailako sektorearen hurrengo erronkei ekiteaz gain. Topaketak Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren, GEZKIren (UPV/EHUko Zuzenbide Kooperatiboaren eta Gizarte Ekonomiaren Institutua) eta Elkarbidean tokiko proiektuaren babesa jaso du. Koobizitza sarea, REAS Euskadi, eta Ametsak Sortzen eta Jubilares elkarteak aritu dira elkarlanean.
Ostiraleko jardunaldia EHUko Donostiako Auditoriumean egin zen, eta 300 pertsona bildu ziren bertan. Goiza bereziki Administrazio Publikoen eta profil teknikoen partaidetzara bideratuta zegoen, eta, hasteko, kooperatibetako eta gizarte-ekonomiako ordezkari batzuek ereduaren sarrerako hitzaldia egin zuten.
Ekitaldiaren irekiera instituzionala Silvia Pirisek (REAS Euskadi) moderatu zuen eta Jaime Iglesiasen (Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioa) online parte-hartzea barne hartu zuen. Mayte Sanchok (IMSERSO) zaintzei buruzko gakoak aurkeztu zituen, eta Nerea Melgosak (Eusko Jaurlaritza), berriz, bizitzako etapa aurreratuei eta komunitateko bizileku-irtenbideei heltzeari garrantzia azpimarratu zuen. Miguel de los Toyosek (Etxebizitza sailburuordea), krisiari aurre egiteko ereduak duen potentziala baloratu zuen. Maite Peñak (Gipuzkoako Foru Aldundia) arreta-eredu komunitarioen berrikuntza nabarmendu zuen, eta Nekane Arzallusek (Donostia) eskerrak eman zituen ekitaldiak sortutako interesagatik.
Etxebizitza, zaintza eta gizarte ekonomiari buruzko hainbat eztabaida mahai gaineratu zituen ekitaldiak. Lehenengo mahaian, Javier del Montek moderatuta, etxebizitza kolaboratiboak eta Autonomia Pertsonala Sustatzeko Legearen erreforma jorratu zituzten Mayte Sancho, Ines Francés eta Lluís Torrens i Mèlichekin. Bigarren mahai-inguruan, Roser Román-ek moderatuta, bizileku-irtenbideak aztertu ziren, Pablo García Astrain, Elga Molina eta Yasmin Manji adituen parte-hartzearekin, zeintzuek lurzoru publikoaren lagapena eta horrek gizartean duen eragina nabarmendu zituzten.
Goizeko azken mahai-ingurua, Glòria Rubiok moderatua, ekonomia sozialari buruzkoa izan zen. Besteak beste, Elena Pérezek eta David Guàrdia i Mascók hartu zuten parte, eta kooperatibismoak gizarte-eraldaketan duen funtsezko zeregina nabarmendu zuten. Donostiako Adierazpena aurkeztu zen, irabazi-asmorik gabeko etxebizitza kooperatiboa adinekoentzat sustatzeko, politika publikoak, finantzaketa eta segurtasun juridikoaren garrantzia azpimarratuz.
Arratsaldean, zainketa komunitarioetan sakondu zuten Lourdes Bermejo eta Elisa Pozo adituekin, besteak beste. Halaber, Macarena Fernández (Coop57) eta David Guàrdia i Mascók enpresen proiektuen finantza-bideragarritasuna aztertu zuten. Bestalde, nazioarteko esperientziak ere partekatu ziren, Kollektivhuset Färdknäppen eredu suediarra, esaterako.
Larunbatean, Etxekide, Etxekonak Bat, Walden XXI eta Axuntase bezalako proiektuen ekarpen ekonomikorako ereduak aztertu zituzten. Zaintza esperientzia praktikoak ere arakatu zituzten, Jubilar Villa Rosita eta Can 70 proiektuen bidez, besteak beste. Nazioarteko perspektibak landu zituzten Herbehereetako eta Suediako adituekin, eta bilera batekin amaitu zen, foroari eta etorkizuneko ekimenei buruz hausnartzeko.
Iturria: REAS