2020ko Kooperatiben Nazioarteko Eguna klima-aldaketaren aurkako borrokari buruzkoa izango da

30 ekaina, 2020 | Kategoriarik gabe

2020ko Kooperatiben Nazioarteko Egunaren gaia ‘Kooperatibak eta klimaren aldeko ekintza’ da. Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak (ICA, ingelesezko laburdura) mundu osoko kooperatiba-komunitatea gonbidatu du klima-aldaketaren aurkako ekintzak bultzatzen jarraitzera. “Egoera kritiko horrek arriskuan jartzen ditu milaka pertsonen bizitza eta mantenua, eta gizakientzako eta planetarentzako bizi-ekosistemak suntsitzen ditu”, esan zuen Ariel Guarcok, Nazioarteko Aliantza Kooperatiboko lehendakariak.

Hori dela eta, Nazioarteko Aliantza Kooperatibotik datorren uztailaren 4an bat egiteko eskatu dute, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko beharraren kontzientzia sortzeko. “Ez dago herrialderik krisi honetatik kanpo. Mundu osoko kooperatibek aukera hori balia dezakete arlo horretan duten lidergoa erakusteko eta nazioarteko arazo horri aurre egiteko erabiltzen dituzten kooperatiba-balioak partekatzeko”, esan dute.

Iaz bezala, 2020ko Kooperatiben Nazioarteko Egunaren mapa interaktiboa sortu da, DotCoop-ekin batera, mundu osoko kooperatibek klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta horietako bakoitzaren arrakasta ospatzeko egingo dituzten ekintzen berri emateko. Iaz 130 ekitaldi baino gehiago izan ziren 40 herrialdetan.

Kooperatiben Nazioarteko Egunaren gaia bat dator  Garapen Iraunkorraren 13. Helburuarekin: «Klimaren aldeko ekintza». Ekitaldi horretan, klima-aldaketaren aurkako borrokan kooperatibek egiten duten ekarpena nabarmenduko da, XXI. mendean gure planetak aurrean duen erronka garrantzitsuenetako bat.

Mugimendu kooperatiboak aukera hau erabil dezake aldaketaren eragile global izateko eta bere bazkideekin nazioarteko komunitatean lan egiteko.

Informazio gehiago (ingelesez, frantsesez edo gazteleraz), hemen.

Iturria: Observatorio español de economía social