WWW.GEZKI.EUS: LEIHO BERRI BAT GIZARTE EKONOMIARENTZAT

28 apirila, 2017 | Kategoriarik gabe

GEZKIk web orri berria estreinatu du martxoan. Tresna ezinbestekoa gure institutuaren egitekoa ikusarazteko, eta garatutako jarduera ezberdinen emaitzak ikerlari edo interesa duen pertsona ororen eskueran lagatzeko. Leiho berri bat zabaldu dugu hortaz, eta baliatu dugu espazio berri honen irekiera institutuan aire freskoa sartzen utzi eta orain arte horren sistematizatuta ez genituen zenbait esparru txukuntzeko. Leihoa irekitzearekin batera etxea txukundu dugula, alegia.

Orain arte auto-kudeagarria ez zen GEZKIko web korporatiboaren aldean, abantaila nabarmenak ekarri dizkigu plataforma berriak.

Lehen lehenik, hasiera orriak Euskadiko gizarte ekonomiaren ikuspegi eguneratu bat eskaintzen du: antolaturiko jardunaldi eta gertakizun nagusiak plazaratzeaz gain, azken albisteen errepasoa egiteko aukera ere ematen du, baita twitter bitartez zabalduriko ekimenen berri izatekoa ere.

Institutuari dagokion atalean, institutua osatzen dugun pertsona guztien profil eguneratua da berrikuntza nagusia. Bertan begi kolpe batez ikusi ahal izango du nahi duenak zeintzuk garen, zeintzuk diren gure jakintza ildo nagusiak eta zein egitasmotan ibili garen buru belarri azken urteetan.

Hirugarren atal batean, institutu gisa gizarte ekonomiaren inguruko ikerketan egindako ekarpena sistematizatu dugu. Honela, GEZKIren baitako ikerlanak 5 ildo nagusitan antolatu ditugu, hurrenez hurren: langileen parte hartzea enpresan, gizarte berrikuntza, gizarte ekonomiako erakundeen zuzenbidea, gizarte ekonomiaren sustapenerako politika publikoak eta globalizazioa eta nazioarteratzearen ildoa, azkenik. Lan garrantzitsua egin dugu hortaz, institutuko kideon ikerketa jarduera bildu eta sistematizatzeko. Gai horietakoren baten interesa duen ikerlariak ere erraztasun handiagoz identifikatu ahal izango ditu egindako lanak eta gai bakoitzari loturiko ikerlariak.

Hortik aurrerakoak institutuak egonkorki burutzen dituen hiru jarduera nagusien inguruko atalak dira: argitalpenak, masterra eta behatokia.

Argitalpenen atalean, gure REVES aldizkariaren ale guztiak pdf moduan deskargatzeko aukera izateaz batera, institutuaren baitan sortzen doazen bestelako lanak argitaratuko dira “working papers” formatuan. Masterraren atalean, honen web orri ofizialaren estekaz gain, masterraren ingurumarian antolatzen diren hitzaldi, mintegi eta jarduera ezberdinen ikus-entzunezkoak eskegiko dira. Eta azkenik, behatokiari dagokionean, berrantolaketa prozesu betean aurkitzen den behatokiaren web orri propiorako esteka ere ezarri da.         

Gizarte ekonomiako eragileentzat eta bertako zein nazioarteko ikerlarientzat interesekoa izatea espero dugun erakusleiho berria estreinatzeaz pozten gara, hortaz, institutuko kideok. Leiho berri bat institutuko ezagutzak gizarteratzeko, eta gizarte ekonomiara gerturatu nahi duen orok sarbide atseginagoa izan dezan. Klik bakarrera duzu: izan zaitez ongi etorria! www.gezki.eus

Enekoitz Etxezarreta

GEZKIko idazkaria