Alianza Cooperativa Internacional (ACI) eta Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, jardunaldi honek kooperatiben garrantziaren inguruko kontzientzia bultzatu nahi du. Edizio honetan leloa hauxe da: “kooperatibei esker, inor ez da atzean geratzen”, fokua inklusio sozialean jarriz. Eusko Jaurlaritzak kooperatibismoaren garapenarekin daukankonpromisoa berretsi egin du María Jesús San Josék, Lan eta Justizia sailburuak.
María Jesús San José Lan eta Justizia sailburuak kooperatiba sozietateek Euskadin sortarazten duten enplegua areagotzeko Eusko Jaurlaritzak daukan konpromisoa berretsi du. San Josék kooperatiben izaera “positiboa” eta euren bereizgarritasun “kualitatiboa” nabarmendu egin ditu eta arlo honetan Euskadi “nazioarteko eredua” dela gogoratu egin du. “Kooperatibismoa sektore estrategikoa da eta bultzada eman nahi diogu”, agindu du sailburuak.
María Jesús San Josék gizarte-ekonomiari buruz hitz egin du Kooperatiben Nazioarteko Egunaren bezperan. Uztailaren 1an, larunbata, ospatzen da egun hau. Prentsaurrekoan Iñigo Ucínek (MONDRAGONeko Kontseilu Orokorreko lehendakaria) eta Rosa Lavínek (Konfekoop, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko lehendakaria) parte hartu dute ere bai. Agerraldia Donostian burutu da Gipuzkoa delako, sailburuaren hitzetan, “kooperatibismoaren jaioterria eta gotorlekua” Espainian eta Europan.
Datuek kooperatibek Euskadin daukaten garrantzia agerian uzten dute. 2.926 kooperatiba sozietateetan 56.380 pertsonek lan egin dute, euskal ehun ekonomikoaren %6,5a. Gizarte Ekonomiako Euskal Behatokiaren (GEEB-OVES) azken txostenaren arabera (2015), sektore honek “indarra” mantendu du Euskadin krisialdi testuinguruan ere. Horren harira, San José sailburuak gogoratu egin du kooperatiba sozietateetan krisi urteetan suntsitu egin den enplegu bolumena askoz txikiagoa izan dela, sei puntu gutxiagokoa beste enpresekin alderatuz, Gizarte Segurantzako afiliazio estatistikek adiera ematen dutenez.
Bere aldetik, MONDRAGON taldeko lehendakariak, Iñigo Ucínek, kooperatibek “dauden lurraldeen ekonomia garapenean daukaten protagonismoa” azpimarratu egin du. Azaldu duenez, agerikoa da kooperatiben inguruan gizarte homogeneoagoak eratzen direla errentaren banaketari dagokionez. “Berdintasuna” lortzeko garrantzitsuak dira honelako enpresak, XXI. mendeko gizartearen erronka nagusietako bat. Ucínek, era berean, kooperatiben izaera “demokratikoa” azpimarratu du, “pertsonen inguruan” eraikitako enpresak bait dira. Langileek modu “erreal” batean parte hartzen dute enpresaren jabegoan, kudeaketan eta emaitzetan, gaineratu du. “Apaltasunez baina ozen, kooperatibak gizarte garapenerako agente aktiboak direla aldarrikatu behar dugu”, gaineratu du.
Ucinek nabarmendu du “bakarrik lehiakortasuna bermatuz” denboran zehar “iraunkorrak” izango diren negozioak lortu ahal direla. “Lehiakortasuna bermatzea gure etorkizuna ziurtatzeko modurik onena da”, adierazi du Ucínek.
Kooperatiben Nazioarteko Eguna 1923tik ospatzen du Nazioarteko Kooperatiben Elkarteak (ICA) eta 1995az geroztik Nazio Batuen Erakundeak (NBE). Egun honen helburua kooperatiben garrantziaz ohartaraztea da, baita enpresa hauen eta Gobernuen arteko elkarlana sustatzea ere. Aurtengo ekitaldiaren leloak “kooperatibek ez dutela inor atzean uzten” azpimarratu nahi du eta gizarte integrazioan daukaten papera nabarmenduko da.
Honen harira, Konfekoopeko lehendakaria den Rosa Lavínek kooperatiben “baloreek” krisialdiak eragin dituen “hainbat ondorio moteldu” egin dutela adierazi du, haien artean soldatetan geroz eta handiagoak diren desberdintasunak. “Kooperatibek daukaten erantzukizuna eta ardura enpresa arruntena gainditzen du eta gizartean zuzen-zuzenean eragiten du. Hori dela eta, gizarte integrazioa kooperatiben balore eta printzipioen erakusgarri da”, adierazi du Lavínek. Konfekoopeko lehendakariak gogoratu egin du gizarte ekimeneko kooperatibak geroz eta garrantzitsuak direla eta integrazioa bermatzen dutela. “Egun, aurrera doan errealitate bat dira”, esan du.
Kooperatiben Nazioarteko Egunean, Konfekoopek sektoreak 2016an utzi zituen datuen irakurketa “oso positiboa” egin du. Konfekoop Euskadiko enpresa elkarteen artean garrantzitsuenetarikoa da eta 1.110 kooperatiba ordezkatzen ditu, 2015an baino %5 gehiago. Nazioartean egiten diren salmentak %65 dira eta kooperatibek euskal BPG-ren %6ª ordezkatzen dute. Berdintasunari dagokionez, enpresa hauetan lanpostuen %52ª emakumezkoentzat dira eta %48a gizonezkoentzat.
Iturria: Tulankide