UEUko Jardunaldia: Trantsizio ekosoziala ekonomia sozialaren bidetik: zer egin hezkuntzaren esparruan?

31 maiatza, 2023 | Kategoriarik gabe

Jardunaldia datorren ekainaren 30an egingo da Eibarren, UEUko 51. Udako Ikastaroen barnean.

Ekonomia sozialeko eragile eraldatzaileen aldetik proposamen ezberdinak egin izan dira azken urteetan datorkigun trantsizio ekosoziala demokrazia ekonomikoko esperientzien bitartez bideratu ahal izateko. Proposamen horiek guztiek natur baliabideen gehiegizko arpilatzeari eta pobrezia eta disparekotasun mailen areagotzeari alternatibak bilatzea dute helburu, bizitzaren iraunkortasuna ezarriz lehentasun gisa.

Ildo horretan, ekonomia sozialaren ikuspuntutik esperientzia interesgarriak abian jartzen ari dira esparru ezberdinetan, industrian, kontsumo ereduan, elikadura sisteman, etxebizitzan, energian, mugikortasunean etab. Euskal Herriaren kasuan hezkuntzaren esparrua da, hala ere, proposamen ekosozial horien aplikazio eta artikulazio mailarik apalenetakoa agertzen duen bat, esparru horretan eragitea ezinbesteko lana izan arren trantsizioaren oinarri kulturalak sendotze aldera. Aipaturiko hutsuneari erantzun nahi dio jardunaldiak, hitzaldi teoriko zein praktikoak lantaldekako dinamikez osatuta.

Jardunaldi hau elkarlanean antolatu dute GEZKIk, EKOPOLek eta UEUk.

Trantsizio ekosoziala lantzeko zer motatako dinamika eta materialak sortu diren ezagutzea izango da lehen helburua, Euskal herriko hezkuntza formal eta ez-formaleko esparru ezberdinetan (Eskola Publikoa, ikastolak, Lanbide Heziketa, Unibertsitatea eta Ingurugiro herri hezkuntzan). Ondoren, bi esperientzia inspiragarriren lanketa kolektiboaren bitartez, ekonomia soziala ardatz hartzen duten adibideak hezkuntzan nola txerta daitezkeen lantzea izango dute xede. Azkenik, mugimendu ekologistan diharduten gazteen ahotsak entzungo dira eta aurrera begirako erronka nagusiak aztertuko.

Hartzaile nagusiak hezkuntza arautuan maila ezberdinetan diharduten hezkuntza eragileak lirateke, unibertsitate mailatik hasita, Lanbide Heziketa, Batxilergo eta Bigarren Hezkuntzako mailetaraino. Esfortzu berezia egingo da EHko hezkuntza sare nagusien presentzia bermatzeko (Ikastolen Elkartea, Berritzeguneak, Irakasle Eskola, Lanbide Heziketa eta EHUko irakasleak…) baita gazte/ikasle sektoreak (UEUko Irakaskuntza Masterreko ikasleak, Sukar Horia eta Jauzi Ekologistako kideak) eta gai hau lantzen ari diren ekonomia sozialeko eragileak gerturatzeko ere (Finantzaz haratago, FUHEM, REAS, Olatukoop, etab.)

Informazio gehiago eta matrikula hemen

Iturria: UEU