Social Economy Europek enpresa-eredu horren aldeko Europako Batzordearen Gomendioa aho batez onartzeko eskatu die estatu kideei. Hala adierazi zen joan den irailaren 12an Europako Parlamentuko Gizarte Ekonomiako Intertaldeak Estrasburgon egindako bilkuran.
EBko erakundeak, Gobernuak eta Gizarte Ekonomiako erakundeak lanean ari dira Gomendio hau EBko Espainiaren lehendakaritzaren esparruan onar dadin, eta azaroaren 13an eta 14an Donostian egingo den Gizarte Ekonomiako Europako Konferentzian aurkez dadin.
Social Economy Europe (SEE) erakundeko lehendakari Juan Antonio Pedreñok intertaldean hobekuntza proposamen nagusiak azaldu zituen, besteak beste, Ekonomia Sozialaren enpresa eta ekimen dimentsioak bultzatzeko beharra.
Alde horretatik, azpimarratu zuen garrantzitsua dela «estatuetan ekosistemak eraikitzea erraztea, ekonomia soziala politika sozioekonomiko guztietan sartzea eta Europan enpleguaren %6 eta BPGaren %8 ordezkatzen duen enpresa-eragile gisa sustatzea».
Halaber, adierazi zuen Gomendioak “irmo” lagundu behar diela gizarte-ekonomiaren enpresa-kudeaketak berezko dituen elkarrizketa- eta partaidetza-mekanismoei, eta estatu kideei eskatu behar diela gizarte-ekonomiaren erakunde adierazgarriak gizarte-elkarrizketaren mekanismoetan sar ditzaten.
SEEk “komunikazio-kanpaina indartsu” bat iragarri zuen, estatu kideetako lan- eta enplegu-ministroei zuzendua, laster egingo den Europako Batasuneko Ministroen Kontseiluari begira Gomendioa onartzeko adostasuna lortzeko.
Iturria: SEE