Azken lau urteotan, ALBOAN eta REAS Euskadi elkarteetan, zenbait jarduera garatu dituzte elkarrekin, ekonomia solidarioaren eremuari dagokion prestakuntza eskaintzeko eta sentsibilizatzeko. Lan horren emaitza da sinatu berri duten modu egonkorreko lankidetza-markua, elkarren ekimenen eragina areagotzeko asmoz.
Plazaratu dutenez, “horrela, ekonomia solidarioaren eremuko ezagutzak eta esperientziak partekatzeko guneak eratzea ari gara aztertzen: alde batetik gure gizartean, herritarren sentsibilizaziorako eta eraldaketa sozialerako ekimenen bitartez, eta bestetik, nazioarteko mailan, Latinoamerikako Comparte Sarearen bidez, besteak beste (ALBOANek sare horren partaidea da). Horren guztiaren helburua da giza-garapen alternatiborako eta ekonomia solidariorako proposamenen arteko loturak sendotzea, eta, aldi berean, nazioarteko lankidetzaren jardueretan ere ikuspuntu hori sartzea, baita testuinguru geografiko ezberdinen proposamen eraldatzaileen arteko elkarrizketan ere”.
Proposamen horiek errealitate bihurtuko dira hausnarketa eta azterketa ekintzetan; erosketa publiko arduratsuan, gatazkarik gabeko teknologiaren eremuko sektoreetan; REAS Euskadik bultzatuta, ekonomia solidariorako auditoretza sozialaren adierazleak eta ALBOANek proposatutako garapen alternatiboaren ezaugarriak partekatzean; elkarrekin eratutako prestakuntza ekimenetan, gizartearen sentsibilizazioan, komunikaziorako materialen garapenean, etab.
Lankidetza-hitzarmen honen ondorioz esaterako jarri dute abian “Ikaszabaltzen II. Ezagutza eta arrazoibide kritikoa sortu, Latinoamerikan eta Euskadin garatzen diren ekimen ekonomiko solidarioen, sozialen eta feministen praktikatik”, 2019-20 proiektua.
Iturria: Reas Euskadi