Hegoaldetik ekimena pertsona migratuei ekonomia sozial eraldatzailea hurbiltzeko jaio zen 2023ko ekainean, Enarak kooperatiba, OlatuKoop eta Lankiren eskutik. Geroztik ari da bidea egiten, formazio saioak eskaini nahi ditu eta Katalunian izandako esperientziak konpartitu dituzte, besteak beste: “Kontzientzia sortu nahi dugu lehenengo eta ondoren esperimentatuz teoriatik praktikara eraman”, azaldu zuen Arianne Kareaga Lanki ikertegiko kideak TuLankide aldizkarian.
KoopFabrika programatik irtendako ekimena da Hegoaldetik, pertsona migratuen artean ekintzailetza kooperatiboa sustatzeko. Enarak kooperatiba du bultzatzaile, emakume migratuei ahalduntzeko formazioa eta aholkularitza eskaintzen diena, eta OlatuKoop sarea eta Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Lanki ikertegia ditu bidelagun.
2023ko ekainean aurkeztu zuten ekimena Hernaniko Iturola Sorgunean, eta haren inguruko zertzelada batzuk eman zituzten orduko hartan. Ekonomia sozial eraldatzailea pertsona migratuei hurbiltzea da helburu nagusia: “Sare bat sortu nahi dugu, pertsona migratuok ditugun beharrei eta zailtasunei aurre egiteko eta ekonomia eraldatzailearen bidez gure bizitzak duinduko dituzten alternatibak bilatzeko”, azaldu zuten Hernaniko Kronikak jaso zuen moduan.
Azken batean, migratzaileen bizitza-proiektuak hobetzeko tresna kooperatiboa da Hegoaldetik, eta horretarako “arnasa luzeko elkarlana” dute oinarri. Aipatu eragileez gain, Hernaniko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, La Comala lan eta zerbitzu kooperatiba eta Bartzelonako Migress kooperatibarekin ari dira eskuz esku, “kooperatibismo eraldatzaile, feminista eta antiarrazista” indartu asmoz.
Arianne Kareaga Huhezi fakultateko Lanki ikertegiko irakasle eta ikertzaileak duela gutxi TuLankide aldizkarian elkarrizketa egin diote Hegoaldetik ekimenaren inguruan: “Helburu orokorra da proiektu kolektiboak sustatzea, bide-laguntza eta prestakuntza eskaintzea kolektibo horiei, pertsona migratuei, euren proiektu kooperatiboak martxan jar ditzaten”, esan zuen.
Aurten “marko orokorra” ari dira sustatzen eta aurrera begira formazio saioak jarri nahi dituzte martxan Beterri-Buruntzan, Goierrin eta Debagoienan, eskualde horietako erakundeekin elkarlanean: “Oso zaila da migranteengana iristea gure pribilegio posizioetatik eta horregatik da garrantzitsua eragileekin jardutea edo eta saretuta dauden lekuetan eragitea”, azaldu zuen Kareagak.
Hegoaldetik ekimenean onuradun asko daude eta “kontzientzia eta testuingurua” sortzea denon ardura dela zioen Lankiko kideak; zentzu horretan azaldu zuen Mondragon Taldean bertan ere “agendan” dutela gaia. Bere ustez beharrak eragindako autoantolakuntzan oso trebaturik dauden pertsonak dira migratzaileak, eta segituan barneratzen dituzte kooperatibismoaren balioak: “Ekonomia popularretik, superbibentziako ekonomiatik, antolatu nahi duen edonork eskura izan beharko luke gure programa, bai hemen geratu nahi duenak zein bere herrialdera itzuli nahi duenak”.
Iturria: Argia