Peñascal F5 aurkeztu dute, EAEko lehen eskola digital solidarioa eta inklusiboa

15 urtarrila, 2020 | Kategoriarik gabe

Peñascal Kooperatibak eta Factoría F5ek indarrak batu dituzte Peñascal F5 sortzeko, EAEko lehen eskola digitala, «berritzailea, doakoa eta egoera ahulean dauden pertsonei zuzendua». Lehen promozioa urrian hasi zen eta 24 pertsona ditu.

Azaldu zutenez, Espainiako estatuan 100.000 lanpostu inguru daude bete gabe, gaitasun digitaletan prestatutako profilik ez dagoelako. Hori dela eta, Peñascal F5en erronka da ahultasun-egoeran dauden pertsonei web-garapenean prestakuntza ematea 7 hilabetean, aldez aurretik jakin beharrik gabe. Antolatzaileek espero dute pertsona horien %75ek baino gehiagok sektore horretan kalitatezko enplegua lortzea.

Erronka horri aurre egiteko, Peñascal Kooperatibak eta Factoría F5ek indarrak batu dituzte EAEn lehen aldiz Simplon.co eredua ezartzeko. Peñascal Kooperatibak hautagaien aukeraketa ziurtatzen du, prestakuntza ematen du eta «coders»ak gizarteratu eta laneratzen laguntzen du, eta F5 Faktoriak Simplon.coren esperientzia, metodologia eta tresnak ematen ditu, Peñascal F5en taldeari etapa bakoitzean lagunduz.

Roberto García Peñascal Kooperatibako prestakuntza-arloko koordinatzaileak adierazi zuenez, «lan-ildo berri honen bidez, normalean sektore digitalean enplegagarritasunik ez duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea erraztu nahi da».

Iturria: naiz.eus