Olatukoopek Saretze Eguna ospatu du Gasteizen, ekonomia eraldatzaileko eragileen artean harremanak josteko

15 ekaina, 2023 | Kategoriarik gabe

Olatukoopeko kideak Montehermoso kulturunean bildu ziren pasa den ekainaren 10ean, Saretze Egunean. Gasteizen eta Araban ekonomia eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin “harremanak jostea” izan da helburua.

Bederatzi urte dira Olatukoop sarea sortu zela eta, urtero egin ohi duten bezala, Saretze Eguna antolatu zuten ekonomia eraldatzaileko kideen arteko harremanak sustatzeko. Aurtengoan Gasteizen egin dute zita, Montehermoso kulturunean. Helburu nagusiena “Gasteizen eta Araban Ekonomia Sozial Eraldatzailera hurbildu nahi duten eragileekin harremanak jostea izan da”, azaldu zuten.

Olatukoopeko kideek sarearen genealogia eta egungo egoeraren berri emango zuten, eta ondoren, lurraldean dauden erronkei Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bidez nola erantzun diezaioketen ere aztertu zuten.

“Gasteizen eta Araban ere bizitza erdigunean jarriko duen ekonomia bat martxan jartzea eta denetariko eragileak ehundu eta jostea garrantzitsua da”, azaldu zuten Olatukoopen Saretze Egunaren antolaketa lanetan ari ziren lagunek.

Baina ekonomia eraldatzaileen erronkez hitz egiteaz gain, hainbat esperientzia ezagutzeko aukera ere izan zuten. Hala, Kataluniako Migress kolektiboak Bartzelonan daraman ekimena azaldu zuten. Migressek migrazioa eta ekonomia solidarioa ditu ardatz, eta gizarte aniztasuna eta arrazakeriaren aurkakoa sustatzen ditu; migratzaile eta errefuxiatuen eskubideak defendatzea du oinarri.

Bestalde, KoopFabrika ekintzailetzarako ekimen kooperatiboaren Hegoaldetik Koopfabrika deituriko ildoaren nondik norakoak ere azaldu zituzten, pertsona migratuentzat bideraturiko ekintzailetza kooperatiboko programa bat.

Iturria: Argia