Otsailaren 8an, Donostiako Ekonomia eta Enpresa Fakultatean, Mondragoneko kooperatiba esperientziari eta pentsamendu kooperatiboari buruzko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren mintegi irekia egin zen.
Mintegian Aritz Kanpandegik eta Igor Ortegak hartu zuten parte, Mondragon Unibertsitateko LANKI Ikasketa Kooperatiboen Institutukoak. Kanpandegik Mondragoneko esperientzia kooperatiboan zentratu zuen ponentzia, eta Ortegak, berriz, Mondragoneko fundatzaileek pentsamendu kooperatiboari egindako ekarpena erakutsi zuen.
Mintegiaren helburu nagusiak kooperatibismoari buruzko ezagutza eta eztabaida sustatzea izan ziren, Mondragoneko kasua aztertuz, eta parte hartzeko eta gobernantzako ereduan sakontzea. Aritz Kanpandegik Mondragoneko Esperientzia Kooperatiboaren jatorriaren, bilakaeraren eta funtsezko alderdien berrikuspena aurkeztu zuen. Horrez gain, kooperatiba-taldearen barruko parte-hartzea eta gobernantza aztertu zituen, baita Mondragoneko artikulazio kooperatiboa eta lankidetza ere.
Bestalde, Igor Ortegak garapen eta pentsamendu kooperatiboan jarri zuen arreta, eta honako hauek aztertu zituen: kooperatibismoaren erroak, hainbat sektoretako elkarte-praktikak, kooperatibismo modernoaren sorrera (Rochdale-ko aitzindariak eta kreditu-kooperatibismoa barne), kooperatiba-ereduaren garapena eta hedapena, eta Mondragoneko fundatzaileen kooperatiba-ikuskera.
Mintegi hau UPV/EHUko Ekonomia Sozial eta Solidarioko Masterraren programaren parte da. Masterreko ikasleek eta gaian interesa duen edonork parte hartu zuten.
Iturria: OVES-GEEB