Mondragonen Industria arloak 908 lanpostu berri sortu zituen 2016an

28 apirila, 2017 | Kategoriarik gabe

Mondragon Korporazioak Industria arloaren 2016ko bilakaeraren  balantze positiboa egin du eta ekitaldiko daturik nabarmenen bezala  azpimarratu du batez beste 908 lanpostu berri sortu direla arlo  industrialean eta dagoeneko 33.919 lagun enplegatzen dituela oro har.

Emaitzei dagokienez, lehen zenbatespenetan 250 milioi euro baino  gehiagoko zifra aurreikusi du, aurreko urteko maila berean kokatuta.

Enplegua sortzeko maila "modu orekatuan" banatu da, 414 lanpostu  "gure ingurukoak" eta 494 "atzerriko ezarpenetan" sortutakoak izan  baitira. Horrela, lantalde industrialaren multzoan 33.919 lanpostu  daude: horietatik 21.793 batez ere Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta  Nafarroan biltzen dira, eta 12.126 atzerriko lanpostuak dira,  kooperatibetako nazioarteko filialetakoak.

Iñigo Ucin Mondragoneko Kontseilu Orokorreko lehendakariak "oso  positibo" baloratu du industria arloaren ekitaldia, eta, adierazi  duenez, bere bilakaerak "eragin du lanpostuak sortzeko dinamikan  jarraitzea". Halaber, egindako inbertsioen maila nabarmendu du, "280  milioi euro baino gehiago izan baitira, lantegi produktibo berriak  martxan jartzera eta prozesuen efizientzia hobetzera zuzenduta,  lehiakortasuna irabazteko".

Azken urteetan enplegu industrialaren bilakaera "egiazki  positiboa" izaten ari da, azken hirurtekoan batez beste 3.000  lanpostu berri baino gehiago sortu baitira (1.904 barruan eta 1.114  atzerrian). Halaber, epealdi horretan Fagor Etxetresna Elektrikoen  itxierak eragindako 1.895 bazkideetako gehienei irtenbidea ematea  lortu da.

Emaitzei dagokienez, lehen zenbatespenetan 250 milioi euro baino  gehiagoko zifra aurreikusi da, aurreko urteko maila berean kokatuta.  "Datuak azken urteetako negozio industrialen multzoaren  errentagarritasunaren xendra berresten du", adierazi du.

Halaber, 2016an egindako industria inbertsioak 280 milioi euro  baino gehiagokoak izan dira, eta aurreko ekitaldian egindakoak baino  %33 gehiago. Salmentei dagokienez, 2016an 5.035 milioi euroko  salmentak egin ziren, aurreko ekitaldian lortutakoaren antzeko  zifra.

Jarduera igo bada ere, enpleguaren sorrerak erakusten duen bezala,  salmentak egonkor mantendu dira, eta horren arrazoia izan da batez  ere nazioarteko hainbat fabrika martxan jartzeko prozesuan daudela,  eta espero da horien negozio zifra finkatzen joatea datozen  ekitaldietan.

Halaber, datuan eragina izan dute lehengaien kostuaren jaitsierak,  salmenta preziora eraman baita. Salmenten azterketatik ondorioztatu  da horien %70,7 nazioarteko salmentak izan zirela, eta gainerako  %29,3 Estatuko merkatukoak. Azken horiei dagokienez, hirugarren urtez  jarraian hazi dira, zehazki, %1,7 aurreko urtean egindakoekiko.

Gainera, Industria arloko nazioarteko ibilbidea sendotzen ari dela  berresten duen datua da atzerriko produkzioa dagoeneko guztizkoaren  %28,6 dela. Datu horren igoeran eragina izan dute Txinako lantegi  produktibo berriak irekitzeak (Maier eta Copreciren 2. lantegia),  Mexikokoak (Cikautxo eta Fagor Ederlan), Errumaniakoak (Cikautxo) eta  Oronak Europako zenbait herrialdetan erositako enpresek. Mondragonen  presentzia globalari dagokionez, nazioarteko bederatzi ordezkaritza  korporatibo dituelarik, dagoeneko 140 lantegi ditu atzerrian.

Iturria: Europa Press