MONDRAGONek etapa berri bati ekin dio, negozio lehiakor eta iraunkorrei erreparatzen dien bide orri berri batekin.“Etorkizuneko MONDRAGON” eta “2017/2020 politika sozioenpresariala” izeneko ponentziak onartu ditu Kongresuak.
MONDRAGON Korporazioaren 2016ko Kongresua egin da Donostian. Hitzordura deitutako ia 650 konpromisarioetatik gehienak gerturatu dira. Talde kooperatiboan integratuta dauden kooperatiba guztiak ordezkatuz. Aurtengo edizioak denbora berri bat hasi du talde kooperatiboarentzat. Etapa berri bat, politika sozioenpresarial berrituarekin, etorkizuneko MONDRAGONi buruzko hausnarketa eguneratuarekin eta Kontseilu Orokorreko lehendakari berriarekin: Iñigo Ucin, zeina datorren abuztuaren 1etik aurrera sartuko den lehendakaritzan.
Ohikoa denez, Kongresuak bi zati bereiz izan ditu: batean ohiko gaiak landu dira, eta bestean ekitaldian aurkeztu diren bi ponentziak eztabaidatu eta onartu dira: “Etorkizuneko MONDRAGON”, balioen bizipenari, antolamendu egiturari eta elkarren lankidetzako finantza fondo eta tresnei buruzkoa, eta 2017/2020 politika sozioenpresariala. Lehenengo zatiari dagokionez, hainbat alderdi nabarmendu daitezke, hala nola Zentro Korporatiboaren aurrekontua berrestea, baita kudeaketa txostenak ere, bai Kongresuko MONDRAGONeko Batzorde Iraunkorrarena, bai MONDRAGONeko Kontseilu Orokorrarena, Javier Goienetxea eta Javier Sotil lehendakariek idatzita, hurrenez hurren.
Javier Sotilek MONDRAGONen bilakaera azaldu du, positiboki baloratu 205eko ekitaldia, eta zera adierazi du: “Korporazioaren multzoan enpleguaren maila handitzea lortu dugu, eta bereziki Industria Arloan hazi gara, zeina azken bi urteetan enplegua sortzearen inguruan oso joera positiboa mantentzen ari den, 2.100 lanpostu baino gehiagorekin, horietatik 1.400 gure ingurunean”. 2016ari dagokionez, Sotilek adierazi du “oro har gestio planeko aurreikuspenak betetzen” ari direla, “eta bilakaera hori berresten bada urtearen amaieran aldagai enpresarial guztietan hazkundearen bidean jarraituko dugu”.
Kongresuaren bigarren zatian ekitaldian aurkeztutako bi ponentziak eztabaidatu ziren: Etorkizuneko MONDRAGON eta 2017/2020 Politika Sozioenpresariala.
Etorkizuneko MONDRAGONi dagokionez, aipatu daiteke ponentzia hiru zati ongi bereiziak dituela: bat balioen bizipenari buruzkoa, beste bat antolamendu ereduari buruzkoa eta hirugarrena elkarren arteko lankidetzako finantza fondoak eta tresnak.
Horrenbestez, ponentziak MONDRAGONen balio kooperatiboen bizipena indartu nahi du, etapa berri honetan sendotu beharreko balioak eta praktikak azpimarratuz. Hainbat kontzeptu aipatzen dira, hala nola autoexijentziaren eta koerantzukizunaren kultura, elkartasun exijentea, eraldaketa soziala eta elkarrekiko lankidetza.
Antolamenduaren ikuspegiak kooperatiben kokapen lehiakorra indartu eta bere proiektu sozioenpresarialak sustatu nahi ditu, merkatu globalean arrakastaz lehiatzeko ahalmenak garatu eta oinarri sendoa ezarri, bere gainean etorkizuneko MONDRAGON garatzeko. Ikuspegi berriak 10 proiektu sektorial ditu ardatz, eta halaber Eskualdeko Egitura sareak antolatzea proposatzen du, gune geografiko berean kokatutako kooperatibek osatuak, hurbileko ingurunean eraldaketa soziala bultzatzeko.
Eta elkarren arteko lankidetzarako tresna finantzarioei dagokienez, helburua da kooperatibei beharrezko egitura eta euskarri finantzarioak ematea, beren negozioak modu iraunkorrean garatu eta hedatuko direla bermatzeko. Eredu berri bat proposatzen du, negozioen errentagarritasunean eta iraunkortasunean oinarrituta, kooperatiba guztien arteko lankidetza eta elkartasuna mantenduz. Proposamen berria bi fondo berriren gainean bermatzen da: KGF fondoa (Kohesio eta Garapen Fondoa) eta HFK (Hedapen Fondo Korporatiboa). KGF fondo bakarra izango da, eta HKFk, berriz, dibisio izaera eduki ahal izango du (horrela nahi duten dibisioetan) edo dibisioartekoa.
Ziklo estrategiko berrirako Politika Sozioenpresarialari dagokionez, negozio lehiakorretan eta iraunkorretan jartzen du indarra. Hori da 2017/2020 laurtekorako erronka nagusia, eta negozioak etengabe eraldatuz eta egokituz eta pertsonak balio erantsia sortzeko konprometituz lortu nahi da. Halaber, proposatzen da negozio bakoitzak garapen eredu bat garatu dezan, kokapen egokia lortzeko eta negozioen kontzentrazioari bultzada bat emateko.
Bide orri berriak bost lerro estrategiko finkatzen ditu proposatutako erronka betetzeko: konpromisoa eta nortasun kooperatiboa, finantzaketa, berrikuntza eta enpresa sustapena, elkarrekiko lankidetza eta presentzia globala.
Ponentziak aurkeztu eta eztabaidatu eta gero, biak Kongresuko kideen aldetik onartu dira, aho batez.
Erreleboa lehendakaritzan
Kongresua, halaber, Kontseilu Orokorreko lehendakaritzako erreleboa eszenaratu zen. 2014az geroztik presidente izandako Javier Sotilek Iñigo Ucini eman dio lekukoa. Javier Sotilek esker hitzak izan zituen ia bi urtez taldea zuzentzeko beragan jarritako konfiantzagatik, aipamen berezia egin zuen kooperatiba guztientzat, batez ere krisian zehar egindako ahaleginetan elkartasuna erakutsi duten guztientzat, eta kooperatibista guztiak animatu zituen taldea eraikitzen jarraitu dezaten, munduan erreferentzia izateko eta gure gizartearentzat balioen eredu izateko. Iñigo Ucinek, berriz, kongresukideen aurrean egindako mintzaldi laburrean adierazi zuenez, “hurbileko etorkizunerako bide orria argi dago”, eta, gehitu zuenez, “MONDRAGON indartsua izango da baldin eta negozio errentagarriak baditu eta kooperatibetan balio kooperatiboak dituzten pertsonak baditu”. Iñigo Ucinen datorren abuztuaren 1etik aurrera hartuko du Korporazioaren burutzako kargu berria.
MONDRAGON Kongresuaren bideoa hemen
Iturria: Tulankide