Mondragon Unibertsitateak lanbide heziketa eta unibertsitatearen arteko kooperazio proiektuak garatu ditu

30 ekaina, 2015 | Kategoriarik gabe

Mondragon Unibertsitateak, azken asteotan, lanbide heziketa eta unibertsitatearen arteko kooperazioari zuzendutako bi pisuzko ekintza garatu ditu.

Mondragon Unibertsitateak eta Heziketa Profesionalerako Tknika berrikuntza-zentroak, Eusko Jaurlaritzaren menpe dagoenak, akordioa sinatu dute entitate bien arteko lankidetza proiektu, programa eta ekintzak sustatzeko.

Hitzarmenaren bidez, Heziketa Profesionalen prestakuntza eta gaikuntza, ikerketa aplikatua eta berrikuntza pedagogikoa nahiz teknologikoa sustatu eta hobetu nahi dituzte, baita kudeaketa eta antolakuntza arloetako berrikuntza bultzatu ere.

Kooperaziorako akordio honen bidez, Heziketa Profesionala indartu nahi dute, eta euskal erakundeek zientzia eta teknologia sortu eta aplikatzeko duten gaitasuna areagotu. Bestalde, Mondragon Unibertsitatearen eta Tknika-ren garapena bultzatu nahi dute, ezagutzak eta teknologiak elkar trukatzeko aliantza estrategiko baten bidez.

Bestalde, lan ildo horretan, Mondragon Unibertsitatea, Arrasate-Mondragon Udalarekin, LANBIDE-Euskal Enplegu zerbitzuarekin eta Mondragon taldearekin batera, III. Enplegu eta formazio azoka antolatu zuten, joan den ekainaren 11n, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoan, Garaia Berrikuntza Gunean. Ekimena une honetan lan bila dauden edo goi mailako formazioaren inguruko informazioa jaso nahi duten pertsona guztiei zuzenduta egon zen.

Iturria: Tulankide