Egoitza Zamudion duen Sibol enpresa da orain artean filtrodun maskak egiten zituen Europako enpresa bakana eta jabetza italiarra du. Koronabirusaren osasun krisiak akuilatuta Euskal Herriko hainbat enpresak maskak egiteari ekin dio, euren artean Gizarte Ekonomiako hainbat eta hainbat.
Orain artean filtrodun maskak egiten zituen bakarra, Sibol
Sibol enpresa da filtrodun maskak egiten zituen enpresa bakarra, orain arte behintzat. Bakarra Euskal Herrian, bakarra Espainiako Estatuan eta bakana Europan. Koronabirusaren krisiaz geroztik egunean 16.000 maska ekoiztera jarri da eta horretarako 14 kontratazio berri egin ditu. Osakidetzarekin lotu du produkzioaren zati bat.
Zamudion dauka egoitza, baina jabea italiarra du: 2019ko ekainean Spasciani Spa etxe italiarrak erosi zion jabetza osoa Delta Plus Group talde frantziarrari (berau 2006tik zen Siboleko nagusi).
Bexen medical enpresak 10 milioi maska egiteko enkargua du
Martxoaren 29an eman du albistea Euskadi Irratiak eta bertan elkarrizketatu dute Mondragon Taldeko kooperatiba den Bexeneko kide bat. Egoitza Hernanin duen enpresak osasun materiala ekoizten du azken 40 urteotan eta apirilean jarriko da maskak egitera Mondragon taldeko Assembly enpresarekin elkarlanean. Espainiako Osasun sailak 10 milioi maska ekoizteko enkargua egina dio. Kontratazio berriak egin beharko dituzte horretarako.
Enplegu Zentro Bereziak ere: Usoa Tailerra
Barakaldoko Udalak eskatuta ekin dio Usoa Tailerrak 10.000 maska egiteari, martxoaren 25ean 20 minutos-ek argitaratu duenez. Egunean 600 maska egiten dituzte eta guztiak Osakidetzaren esku jarriko dituzte. Usoa Tailerrean ezgaitasuna duten pertsonek lan egiten dute eta EHLABE-ren parte dira (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartea – Asociación Vasca de Entidades de Trabajo Protegido del País Vasco).
Iturria: Argia