‘Berrekin, berregin’ Ekintzailetasun soziala sustatzeko programa

29 otsaila, 2016 | Kategoriarik gabe

‘Berrekin, berregin’ Ekintzailetasun soziala sustatzeko programa Debagoiena osora zabaldu dute

Esperientziak ezagutu eta justizia sozialean oinarrituriko ideiak praktikan jartzeko aukera eskaintzen du programak.

 Posible al da gizarte humanoago bat? Garapen ekonomikoa eta justizia soziala bateragarriak al dira? Ba al dugu aukerarik eskualde jasangarriagoa eraikitzeko?.

 Galdera iradokitzaile horien bidez hasi dute Berrekin.Berregin-eko arduradunek formazio saioetan izena emateko kanpaina. “Ekintzailetza sozial” hitzaren jatorriko esangura solidarioari heldu nahi diote, jendarte justuago bat sortzeko ekimen kolektibo eta komunitario gisa ulerturik. Bergarako Udala eta Mondragon Unibertsitateko Lanki Ikertegia dira sustatzaileak, Olatukoop eta Bagarak ere kolaboratzen dute bertan, eta Gipuzkoako Aldundiaren babesa du ekimenak.

 Iazko edizioak izandako harrera ona ikusita, aurten esperientzia errepikatzea erabaki dute. Areago, Debagoiena eskualde osora zabaldu dute programa.

 Saio presentzialak Bergarako Errekalde jauregian izango dira. Formazio teorikoa jasotzeaz gain, erreminta zehatzak aplikatu eta esperientziak ezagutuko dituzte bertan parte hartuko dutenek, eta ekonomia eraldatzailean oinarrituriko ideiak praktikan jarri ahal izango dituzte.

 Iazko edizioan sorturiko ekimenak martxan

2015ean Bergaran saioak jaso zituzten lagunek hainbat proiektu eta ekimen diseinatu zituzten. Programaren sustatzaile eta kolaboratzaileek konpromisoa hartu zuten ekimen horiei jarraipena egin eta laguntzeko, eta azaldu dutenez aurten tutoretza lan horretan ere ariko dira.

Jadanik zenbait proiektu martxan jartzeko urratsak ematen ari dira, kooperatiba edo elkarte itxura hartuta.

Informazio gehiago: http://berrekinberregin.com/

 

Iturria: Argia aldizkaria