Nafarroako Lan Enpresen Elkarteak (NLEE) proposatu duen Lan Elkartuko Mikro Kooperatiben Foru Lege berriak, Nafarroako parlamentuan talde guztiek aho batez onartua izan denak, jarrera ekintzailea eta gizarte-ekonomiak eskaintzen duen enpresa-eredua sustatu nahi ditu.
Arau berria onetsi baino lehen, kooperatibek hiru bazkide izan behar zituzten gutxienez, eta kooperatiba handien pareko baldintzak bete behar zituzten tramite kontuetan, bazkideen ekarpenetan eta kontratazioetan. Hemendik aurrera, legearen babesean, nahikoa izango da bi bazkidek elkarrekin proiektu bat aurrera atera nahi izatea kooperatiba berri bat osatu ahal izateko, gutxienez bi eta gehienez hamar bazkide-langile izatearekin kooperatiba sortzeko aukera izango da eta.
Lege berriak kooperatiba ez den sozietatea mikro kooperatiba batean bihurtzea ahalbidetzen du. Gainera, lehendik kooperatiba-sozietatea zenak bere estatutuak egokitu ahalko ditu arau berriaren arabera. Bestalde, enpresa eratzeko fasean egin beharreko eskakizunak zein tramiteak sinplifikatu ditu lege-testuak.
Iturria: OVES-GEEB