Laboral Kutxa eta Fiare Banca Etica-ren arteko lankidetza akordioa

30 ekaina, 2017 | Kategoriarik gabe

Bi erakundeek partekatzen dituzten baloreetan oinarriturik akordio marko bat sinatu dute lankidetza ildoak zehazteko.

Fiare Banca Etica-k, espainiar estatuko Banca Etica-ren sukurtsala, eta Laboral Kutxa-k akordio marko bat sinatu dute lankidetza ildoak zehazteko, balore batzuetan oinarriturik: kooperatibagintza eta kreditua pertsonen zerbitzuan dagoen ekonomia errealaren garapenerako funtsezko tresna bezala ulertzea.

BpE-ren ordezkaritzak (Ugo Biggeri presidentearekin buruan) Laboral Kutxaren egoitza nagusia bisitatu du Arrasaten eta bide batez akordioa sinatu egin dute bi erakundeen ordezkariek, honela Fiare proiektuaren hastapenetatik datorren harremanari eusten diote erakundeok.

Akordioak etorkizunean bi erakundeen arteko lankidetza aukerak aurreikusten ditu. Gaur egun, Fiare Banca Etica-ko bezeroek Laboral Kutxaren kutxazainetan dirua ateratzeko aukera dute (kostu batekin).

Finantzaketa arloan, bi erakundeen interesak bat egitean operazioak modu bateratuan egiteko aukera jasotzen du akordioak. Zehatzago, finantzaketa bateratu hauek ekintzailetasun proiektuak sustatu eta babesteko balio lezakete.

Peru Sasia, Banku Etiko eta Alternatiboen Europar Federazioko presidente berria

Gainera, maiatzaren 31an Varsovian Banku Etiko eta Alternatiboen Europar Federazioaren asanblada egin zen, non administrazio-kontseilua berritu eta presidente berria aukeratu zen. Peru Sasia, Banca Etica-ko ordezkaria administrazio kontseilukide aukeratu zuten federazioko presidente berri bezala.

Banku Etiko eta Alternatiboen Europar Federazioaa 2001 urtean sorturiko irabazi asmorik gabeko erakundea da, finantza etiko eta solidarioak bultzatzeko Europan. Banca Etica (Italia/espainiar estatua), Frantziako Crédit Coopératif eta Caisse Solidaire du Nord Pas-de-Calais, Belgikako Crédal eta Hefboom eta Poloniako TISE erakundeek sortu zuten.

Iturria: TuLankide eta Fiare Banca Etica