KoopFabrika martxan da

28 otsaila, 2019 | Kategoriarik gabe

Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean KoopFabrika abian jarri zuten otsailaren 4ean. Lehenago, aurkezpen instituzionala egin zuten Ekintzailetza Sozial eta Kooperatiboa eraikitzea asmo duen programa honetako antolatzaile eta finantzatzaileek.

Lehenengo, ongietorria eman zitzaien KoopFabrikaren formazio trinkoetan izena eman duten pertsonei. Jarraian, KoopFabrika posible egiten duten eragileen txanda etorri zen.

Beterri-Buruntza udalak erakundeko lehendakari den Jon Zuluetak aipatu zuen eskualdeak hainbat proiektu dituela martxan eta KoopFabrika horietako bat dela. Gogoratu zuen nola 5 urte daramatzan programak martxan, eta ordutik, eskualdean 25 proiektu sozioekonomikotik gora jarri dira abian, 60 pertsona ingururi lana ematen dietenak.

KoopFabrika Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du eta honen izenean Joseba Amondarainek hartu zuen hitza, eta aipatu zuenez “KoopFabrika hiru ezaugarrirengatik bultzatzen dugu: lankidetza, tokiko ikuspegia eta ekintzailetasuna bera”.

Bestalde, hiru dira KoopFabrikaren antolatzaileak eta bertan egon ziren guztiak.

Bertan izan zen Enekoitz Etxezarreta, GEZKI institutuaren izenean. Institutuak aspaldi ikusi zuen kooperatibismoa unibertsitatean gutxi nabarmentzen zela eta bazuten gizarte ekintzailetzarako espazio bat sortzeko ideia. KoopFabrikan gauzatu da azkenean.

Jarraian Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Aitzol Loyolak hartu zuen hitza. Kasu honetan,  Lanki ikertegia ari da KoopFabrikan lanean. Mugimendu kooperatiboaren logikatik gerturatu ziren KoopFabrikara hasiera hasieratik.

Amaitzeko, Leire Udabek hitz egin zuen Olatukoop sarearen izenean. Azaldu zuenez, “sarea sortu zenetik argi genuen Gipuzkoan erreferentziazko sare bat sortzeko beharra zegoela, kezkak konpartitu eta ildo estrategiko ezberdinak martxan jartzeko. Hauetako bat KoopFabrika da”.

Iturria: KoopFabrika