Jean-Michel Larrasquet zendu da, euskaltzale, gizarte ekonomian aditu eta ekintzailea

28 martxoa, 2018 | Kategoriarik gabe

Hainbat eta hainbat mugimenduetan ariturikoa, Parisen jaiotako Lapurtarrak Gizarte Ekonomiako eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutuarekin ere egin zituen lankidetzak, hala nola 2016 ea 2017 urteetan Gizarte Ekonomiaren inguruan antolaturiko bi jardunaldietan. Ekonomiaren lurraldearekiko atxikitasunaren garrantzia eta beharra azpimarratzen zuen beti irakasle-ikertzaileak.

2016an GEZKI-k Donostiako Zuzenbide Fakultateko paraninfoan “Kreditu kooperatiba eta aurrezki kutxen papera Europan” izenburupeko europar jardunaldia egin zen eta bertan Pau-ko Unibertsitateko Katedradunak parte hartu zuen, Iparraldeko aurrezki kutxen berezitasunak azaleratu zituelarik. Azken urteetako lanean murgildurik zegoen ekimen interesgarriez ere aritu zen, hala nola proiektuen finantzazioa lortzeko gizartetik sorturiko “Eticoop” (zeinaren sortzaileetako bat izan zen) edo “Herrikoa” proiektuak.

2017 urtean antolaturiko “Gizarte Ekonomiaren errealitatea Euroeskualdean: mugaz gaindiko begirada” jardunaldian ere parte hartze esanguratsua izan zuen, Gizarte Ekonomiaren alorrean Ipar Euskal Herriko politika publikoen egoeraren argazkia eskainiz, baita sektorearen aldeko politiken inguruko mahai inguruan parte hartu ere. Zentzu honetan, Iparraldean berriki martxan den Euskal Elkargoaren (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa batu dituen instituzioa) pontentzialitateez ohartarazi zuen.

Iturria: GEEB