Pasa den ekainaren 30ean ASLEk antolatutako “Jasangarritasunaren balorazioa, fiskalizazio-finantza ikuspegitik” jardunaldia egin zen Donostian.
Sektoretik nabarmentzen den bezala, iraunkortasunaren garrantzia hazten ari da enpresa munduan. Horregatik, funtsezkoa da ulertzea zertan datzan ingurumen-fiskalitatea, zer alderdi diren giltzarriak eta zer irizpide baloratzen diren enpresetan garapen jasangarria bultzatzeko behar den finantziazioa lortzeko.
Horixe izan zen jardunaldiaren helburu nagusia, eta batez ere EAEko enpresetako zuzendaritza- eta/edo finantza-taldeei zuzenduta zegoen. Enpresetan proiektu jasangarriak abian jartzeko kontuan hartu beharreko finantza-irizpideak ezagutu ahal izan zituzten jardunaldian.
Jone Nolte ASLEko gerenteak aurkeztu zuen jardunaldia. Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendariak egin zuen saioaren sarrera. Ondoren, iraunkortasunaren testuingurua, finantza jasangarrien planak eta horien ondorioak eta ingurumen-fiskalitatearen inguruko hitzaldiak egin ziren. Azkenik, mahai-inguru bat antolatu zuten, enpresek finantziazioa lortzeko bete beharreko iraunkortasunaren arloko irizpideei buruz eztabaidatzeko.
Iturria: ASLE