Goienerrek 2.500 bazkide gehiagorekin itxi du 2021a eta aurreko urtean baino %24 argindar gehiago merkaturatu du

30 ekaina, 2022 | Kategoriarik gabe

Goienerrek adierazi du “energiaren merkatuaren ikuspuntutik 2021a urte zaila eta ezegonkorra izan dela”. Hala ere oso emaitza onak izan ditu aurten 10 urte beteko dituen energia berriztagarrien merkaturatzaileak.

Energia berriztagarria soilik merkaturatzen duen Goiener kooperatibak Batzar Orokorra egin berri du, ekainaren 11n, Gasteizko Armentia Ikastolan. 80 bazkidek hartu zuten parte aurrez aurreko saioan, eta beste askok modu telematikoan.

2021eko emaitza onak

2021ean 2.418 bazkide-berri batu dira Goiener kooperatibara, urtea guztira 15.500 bazkiderekin amaituz. 4.300 kontratu berri kudeatu eta 98,2 GWh merkaturatu ditu Goienerrek eta energia sortzeko proiektu gehiago jarri ditu martxan, besteak beste, bazkideen borondatezko ekarpenei esker.

“Ekitaldi zaila izan dela diogu, mundu mailako krisi ezberdinek eta prezioen igoera ikaragarriak, gure merkaturatzailearen jarduerari era zuzenean eragin ziotelako urte hasieran. Hala ere, ahalegin osoa egin dugu (eta baita lortu ere) Aparteko Batzarrean bazkideek onartu zituzten neurriak indarrean jarri beharrik ez izateko”. Halaxe adierazi du aurten 10 urte beteko dituen Goienerrek. 

Kontseilu Errektore berritua

Goienerrek bi urtez behin berritzen ditu Kontseilu Errektorearen kide erdiak. Horrela, bost kide irten dira eta bazkideek hautatu dute zein beste bost kide sartu, parekidetasuna bermatuz.

Iturria: Argia