“SI Drive” proiektuak, Europako Batzordeak finantzatutako ekimenaren baitan, ikerketa-lan zabala egin du, non parte hartu baitute Europako 11 estatutako eta kontinente guztietako beste 11 herrialdetako 14 bazkidek, 1.000 ekimen baino gehiago aztertu dituelarik.
Proiektua aurtengo abenduan amaituko da, 4 urteren ondoren. Denbora horretan, munduko eskualde desberdinetan dauden berrikuntza sozialeko ekimenak aztertu dituzte, ekimen horietatik ezagutza erauzteko. “Ez genuen teoria bakarrik aztertu nahi, orobat ikusi nahi genuen nola aplikatzen den berrikuntza soziala eta nolako inplikazio sozialak dituen Europarentzat eta munduarentzat oso garrantzitsuak diren gaietan” azaldu du Zuzenbideko doktore eta Deustuko SI Drive proiektuko ikerlari arduradun Marta Encisok.
Ekimena zazpi ardatz tematikotan bereizi da: enplegua, hezkuntza, ingurumena, klima aldaketa, energia, garraioa, osasuna, pobrezia eta garapen sostengarria. Deustuko Unibertsitateko lantaldea enplegu eta energia arloetako erronketan zentratu da. Arlo bakoitzetik 10 kasu aukeratu dira sakonago aztertzeko, eta Euskadiko bi ekimen sartu dira multzo horretan: Grupo Servicios Sociales Integrados kooperatiba, kalteberatasun edo menpekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza ematen diena; eta energia berriztagarria sortu eta kontsumitzeko Goiener kooperatiba.
Proiektua azken fasean dago orain, abenduan aurkeztuko baititu ikerketaren ondorioak. Halere, dagoeneko eskuratu dituzte zenbait emaitza, erakusten dutenak berrikuntza soziala mundu osora zabaldu dela gainditu gabeko erronkei erantzuteko metodo gisa. Nahiz eta ereduak oso desberdinak izan, zenbait elementu berdinak dira ekimen guztietan: bottom-up formatua, erabiltzaileen jabekuntzari ematen zaion garrantzia, sektore eta agente desberdinen arteko lankidetza eta ikuspegi praktikoa, adibidez.
IS Drive ekimenak helburu hirukoitza du: aurrera egitea berrikuntza sozialari buruzko ezagutzan, dagoeneko existitzen diren ekimenak mapeatzea eta gomendio eta proposamenak eskaintzea arduradun politikoei, Europako agenda politikoan txerta dezaten berrikuntza soziala. “Sekula ez dira hainbeste kasu praktiko aztertu ondorioak ateratzeko” esan du Marta Encisok, “argitalpen zientifikoetan ere zabalduko ditugu emaitzak, uste dugulako berrikuntzak eta ekintzailetza sozialak tokia izan behar dutela nazioarteko esparru zientifikoan”. Ikerketen emaitzak azaltzen dituzten txostenak modu irekian argitaratu dira proiektuaren atarian, beste pertsona batzuk ere erabil ditzaten, dela aztertzeko material gisa edota berrikuntza sozialeko proiektuak garatzeko erreferentzia gisa.
Iturria: SPRI