Otsailaren 1ean, Gizatea eta Errenteriako Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu egin da, erosketa publiko arduratsua eta Laneratzeko Enpresei Erreserbatutako Kontratuak sustatzeko.
Lankidetza horren bidez, esperientzia pilotu bat jarriko da abian, Udalak datozen bi urteetan egingo dituen kontratuen aurreikuspena aztertzeko eta laneratzeko enpresentzat erreserbatu daitezkeenak identifikatzeko.
Legez, nahitaezkoa da administrazio publikoek lizitazio jakin batzuetan parte hartzeko eskubidearen erreserba-portzentaje bat finkatzea enpresa mota jakin batzuei, besteak beste, Laneratzeko Enpresei. Gainera, herri-administrazioek gutxieneko baldintzak ezarri behar dituzte erreserba betetzen dela bermatzeko.
Aizpea Otaegi alkateak adierazi du agintaldi planean jasota dagoela kontratazioaren baitan klausula sozialak lantzea, eta Laneratzeko Enpresa zein gizarte-ekimeneko enplegu-zentro bereziei erreserbatutako kontratuen gaineko gogoeta egitea. Gaineratu du horiek ahalbidetzea urrats garrantzitsua dela kontratazio publikoa beste termino batzuetan ulertzeko eta beste balio batzuen gainean eraikitzeko. “Azkenean gizarte berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta ekitatean oinarritutakoa eraikitzeko bidean garrantzitsua da aukerak sortzea enpleguratzeko garaian zailtasun handienak dituzten pertsonentzako” – azaldu du alkateak. Gainera, gogorarazi du Errenteriako Udalak baduela esperientzia esparru honetan, hain zuzen ere eskualdeko lau udalerrien artean sortu eta sustatzen den Badia Berri Gizarteratze Enpresa Gizateako kide baita.
Iturria: GIZATEA