Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea argitaratu berri da

31 urtarrila, 2020 | Kategoriarik gabe

UPV/EHU-ko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutu GEZKIk argitaratzen duen aldizkariaren 2019 urteko alea eskuragarri dago web orrian. 192 orrialde dituen ale honetan, gaztelera eta euskarazko 7 artikulu zientifiko-akademiko eta sententzia komentario bat jasotzen dira.

Oraingoan ere kooperatiben nahiz gizarte ekonomiako beste erakundeen inguruko euskal ikuspuntu akademiko eta profesionala da protagonista, besteak beste, euskal jurista eta ikertzaileen lanak bildu baitira (Euskal Herriko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikertzaileak).

Honela, irakurleak hainbat gairen inguruan eguneratu eta sakontzeko aukera izango du; hala nola, egintzen inskripzioari dagozkion Euskadiko elkarteen erregistroaren ahalmena; neoliberalismoari aurre egiteko erreminta den berrikuntza Sozial eraldatzailea; Clade taldearen azterketaren bidezko gizarte-balioaren monetizazioa; KoopFabrika kasuaren azterketaren bidezko Ekintzailetza sozial kooperatiboa; eta Euskadiko etxebizitza-kooperatiben bazkideen erantzukizun-errejimena. Era berean, Querétaroko Unibertsitatetik (Mexiko) eta Copenhagueko Unibertsitatetik (Danimarka) helarazitako ikerketa interesgarriak ere jaso dira, denbora-bankuen eta Danimarkako kooperatibismoak kapitalismoaren alternatiba gisa izandako bilakaeraren inguruan, hurrenez hurren. Azkenik, Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuaren laudo baten iruzkina jaso da zenbaki honetan, hain zuzen ere, kooperatiben kontabilitate bikoitzaren eta galerak norberaren gain hartzearen inguruan.

Gizarte Ekonomiaren Euskal Aldizkariaren 16. alea oso osorik edo kapituluka eskuratzeko, egin klik hemen.

Iturria: GEEB, GEZKI