Dagoeneko eskuragarri daude 2022ko gizarte-ekonomiaren estatistikak eta 2023ko aurrerapena. Uda hasieran, Elena Perez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea Gizarte Ekonomiako familien ordezkariekin bildu zen Gasteizen, 2022 urteari dagokion estatistikaren emaitzen berri emateko.
Gizarte Ekonomiako familien aldetik, CSCE, Konfekoop, Asle, Gizatea, EHLABE eta FUNKOko ordezkariek parte hartu zuten, besteak beste. Jokin Diaz Arsuaga Gizarte Ekonomiako zuzendariak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Aurkezpenean nabarmendu zen 2022a susperraldi sozioekonomikoko ekitaldi bat izan dela, eta gizarte-ekonomiak erritmo biziagoan egin duela gora enpleguan (% 6,1), euskal enpleguak ez bezala (% 3,8).
EAEko gizarte-ekonomiak 2022an sortu dituen 93.608 enpleguak ere nabarmendu ziren, biztanleria okupatuaren % 9,7. Era berean, estatistika horren arabera, aztergai den urtean lortu den gizarte-ekonomiako enpresen eta establezimenduen kopuruari buruzko datua bereziki garrantzitsua izan zen: 3.941 enpresa eta 5.420 establezimendu.
Azkenik, 2023an egindako inkestari buruzko lehen iritziak aurreratu ziren.
Estatistiketarako sarbidea hemen
Iturria: IREKIA