Gizarte Ekonomiako proiektu berriak sustatzeko Gizarte Ekintzailetza Kongresua egin dute Iruñean

26 apirila, 2018 | Kategoriarik gabe

Kongresua Iruñako Udaletxeak eta CEIN (Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra) arteko elkarlanari esker egin zen eta apirilaren 24 eta 26 bitartean eraman zen aurrera Nafarroako hiriburuan. Kongresu hau “Pamplona Emprende” proiektuaren barruan kokatzen da.

Proiektuak kooperatibagintza eta gizarte ekonomiako arloan ekintzailetza sustatzeko helburua du, gizarte parte hartzaileago eta bateratuago bat lortzeko duen potentzialtasuna duen sektore dela kontuan hartuz.

Proiektuaren lehen ekintzarekin, hau da, kongresuarekin, gizarte ekonomiak eskaintzen dituen aukera eta erronken inguruko ikuspegi orokor jaso zuten bertaraturikoek, gaian erreferenteak diren erakundeen eskutik.

Erakunde eta parte hartzaile horien artean unibertsitateetako institutuak aritu ziren (Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboko GEZKI Institutua eta LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia), Ekonomia Sozial eta Solidarioko Elkarteak (ANEL Nafarroako Gizarte Ekonomiako enpresen elkartea eta REAS Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea), baita gizarte ekonomia eta ekonomia solidarioko esperientzia konkretuak ere (Ernaizu, KoopFabrika, Gure Sustraiak, Uztaldi, Denendako, Fiare, Energia Gara eta Mugitu Aventura).

Proiektuaren bigarren ekintza abuztuaren 31 eta abenduaren 21 bitartean izango da, 14 saiotan banaturik. Doakoa izango da, baina plaza mugatuak direnez izen ematea beharrezkoa da, Iruñako Udaletxe edo CEINen web orrien bitartez, ekainaren 22 bitartean.

Iturria: CEIN